Kulturarteko futbol 7 txapelketaren bigarren edizioa jokatuko dute Fanderian
Txapelketa honek "kirolaren bidez jatorri migratzailea duten gazteen inklusioa, parte hartzea eta harreman positiboak sustatzea" du helburu. Jatorkin Al-Nahda elkarteak antolatu du.
Kulturarteko futbol 7 txapelketaren agertoki izango da Fanderiako futbol zelaia, bigarren edizioko hainbat partida jasoko ditu. Udaleko iturrien arabera, txapelketa honek “kirolaren bidez jatorri migratzailea duten gazteen inklusioa, parte hartzea eta harreman positiboak sustatzea” du helburu. Jatorkin Al-Nahda elkarteak antolatu du lehiaketa, aldundiaren, Jaurlaritzaren, Kutxa Fundazioarekin eta udalaren laguntzarekin.
Orotara zortzi taldek parte hartuko dute: Jatorkin, Errenteriako Harremanak eraiki!, Los Minus, Internazionalak, Cruz Roja, Filoshowtime, Alza eta Cear Tolosa. Larunbateko lau norgehiagokak 10:00etan hasiko, eta 14:00etan bukatu. Igandean berriz, finala jokatuko dute, 12:00etan.