‘NOR’ proiektuak gaztetxoak hausnartzen jarri nahi ditu
1545 argitaletxeak egitasmoa finantzatzeko kanpaina abiarazi du. Liburu ilustratua da, generoa eta sexu identitateak lantzen dituena. Ez dute erantzunik emango, galderak plazaratzea da liburuaren helburua.
1545 argitaletxeak proiektu berria du martxan: NOR. Finantzaketa kolektiboa egiten ari dira goteo.org webgunearen bitartez. Generoa eta sexu-identitatea izango ditu ardatz, eta argitaletxearen Hipatia sailaren barrukoa izango da. Haur eta gaztetxoekin, eta hizkuntzarekin lotuta dago: pentsamendu kritikoa, sormena, kultura eta beste hainbat gairi eutsiko diote.
Xabier Salaberria argitaletxeko kideak azaldu duenez, gogoa zuten nortasuna eta sexu-identitatea landuko zuen eleberri bat argitaratzeko. Argitaletxearen sorreraren harira, Irati Goikoetxeak irratian elkarrizketatu zuen, eta hor sortu zen harremana: «Berak eta bere anaia Ekaitzek nahikoa harremana dute Naizen elkartearekin [adin txikiko transexualen familien elkartea]. Amua bota nien, gaztetxoen artean begiradak zalantzan jartzeko».
Irati Goikoetxeak idatziko ditu eleberriaren testuak. Orain dela hiru urte Igartza beka lortu zuen, Herriak ez du barkatuko idazteko. Ilustrazioak, berriz, Irrimarra bikote artistikoaren (Irene Irureta eta Karmele Gorroño) esku egongo dira. Hitzondoaren egilea ere prest dute: «Aingeru Mayor sexologoak ere bere baietza eman zigun. Transexualitatean aditua da bera, eta epilogoa egingo du, hausnarketa bideratzea erraztuko duena».
Salaberriak argi du helburu bikoitza izango duela liburuak: «Literatur lan bat da, eta hala den heinean, gozagarri ere izatea nahi dugu. Hori alde batetik. Bestetik, hausnarketa eta eztabaidarako gaiak ematea izango da helburua, filosofatzen jartzeko. Liburuak ez du erantzunik emango, gaztetxoak hausnartzen jartzea izango da helburua».
Diru laguntzak
Salaberriak aitortu duenez, aspaldiko proiektua da NOR, baina diru laguntza baten zain zeuden garatu ahal izateko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Piztu Meta! egitasmorako onartua izan zen; beraiena izan zen aukeratu zutenetako bat, herrialdeko beste hamalau proiekturekin batera. «Gizarteari ekarpena egingo dioten proiektuak aukeratu zituzten. Nerabeek duten begiratzeko edo gauzak ulertzeko moduan eragitea da gure helburua, nondik datorren ikusi eta zalantzan jartzea, jarrera toleranteagoak sustatzeko», berretsi du.
Horrela, finantzazio parte hartzailean jartzen den euro bakoitzeko, aldundiak beste bat jarriko du. Hori bai, 100 euroko mugarekin eta pertsona bakoitzaren lehen ekarpenarekin.
Kanpainaren lehen fasea azaroaren 7an bukatuko da. Gutxieneko kopurua —7.000 euro— eta hobezina —13.000 euro— markatuta dituzte, eta data horretan kopuru txikienera iristen badira, beste hogei egun luza dezakete finantzaketa eskatzeko epea.
Gutxieneko kopuruarekin, baina, liburu «justua» izango litzateke: «Ilustrazio gutxi edukiko lituzke, tapak bigunak… Zenbat eta laguntza gehiago jaso, orduan eta ilustrazio gehiago izango ditu, tapa gogorrarekin aterako dugu, beste zerbait gehitu daiteke edo material osagarri bat erants geniezaioke». Finantzazioan parte hartzen dutenek, gainera, opariak jasoko dituzte, erosten dutenaren arabera: Naizenen motxila; kamiseta; Ispiluak liburua…
Salaberriak esan du NOR izena alda daitekeela liburuak aurrera egin ahala, ez dela behin betikoa, alegia. NOR izateko bidean, baina, finantzaketa kolektiboari esker bihurtzen ari da zer.