Tasak izoztearen aldeko proposamena eramango dute udalbatzarrera, lehenengoz
EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos taldeek tasak izoztea adostu dute. Herritar zaurgarrienen beharrei aurre egingo dieten zerbitzu publiko indartsuak eta herritar guztiak babesteko politikak garatzea "inoiz baino beharrezkoagoa" dela dio alkateak.
Datorren astearteko (hilak 25) udalbatzarrean zer eztabaidatuko duten aurkeztu zuen atzo Aizpea Otaegi alkateak, Elkarrekin Podemoseko Maite Gartzia eta EAJko Garazi Lopez de Etxezarreta batera. Izan ere, adostasunez erabaki dute hiru taldeek, lehenengoz, tasak izozteko proposamena aurkeztea. Asteartean hasierako onarpena egingo dute, eta alegazioak aurkezteko epea bukatuta, indarrean sartuko dituzte erabaki horiek, urte bukaeran izango dela aurreratu zuen atzo alkateak.
Alkateak adierazi zuenez, errentaren birbanaketa baterako eta zerbitzu publiko indartsuak izateko Fiskalitate progresibo bat “oinarrizko tresna” da. Aurtengo egoera, gainera, “berezia” dela esan zuen. “KPIa oso altu dago, energiaren gorakada izugarria ziaten ari da eta etxebizitza maileguetako tipoek ere nabarmen egin dute gora herritar askoren egoera okertuz”.
Testuinguru horretan “herritar zaurgarrienen beharrei aurre egingo dieten zerbitzu publiko indartsuak eta herritar guztiak babesteko politikak garatzea “inoiz baino beharrezkoagoa” dela erantsi zuen Otaegik. Horregatik egoera honi aurre egiteko Foru Funtsetik jasoko duen dirua baliatuko du udalak. Izan ere, joan den astean udalak jakin zuen iaz baino bi milioi euro gehiago jasoko dituela. Dena den, alkateak esan zuen planteamendu hau ez dela bideragarria denboran errepikatu eta mantentzen bada, “ezin baitira zerbitzu publiko indartsuak eta inbertsio politika ausartak egin diru sarrerarik gabe”. Baina, aurten, “ezohiko moduan” tasak ez igotzea erabaki dutela erantsi zuen.
Honi lotuta, aurtengo udaberrian egindako progresibitate fiskalaren proposamenak bide berri bat urratzen hastea ekarri zuela gogorarazi zuen. Hala, norberaren gaitasun ekonomikoen araberako prezioak ordainduko dira zerbitzu hauetan: Herri Arte Eskola, Xenpelar Tailerrak, Familia Gunea, Ludotekak, Uztargiko jangela eta Euskaltegia.
Honakoak dira aurtengo planteamendu nagusia: zerga, tasa eta prezio publikoak izoztea; progresibitatean oinarritutako fiskalitatean sakontzea (zerbitzu publikoetan aplikatutako fiskalitate justuagoa bestelako zerga eta tasetan aplikatzeko pausua emango dute); eta trantsizio ekologikoa sustatzea aldera, A eta B ziurtagiri energetikoa duten ondasunen eta obren gaineko zergek %95etik %4oera doan hobaria izango dute.
Ondorengo gaiak eztabaidatuko dituzte astearteko bilkuran, hamar puntukoa izango da:
- 2022ko irailaren 27ko ohiko bilkurari dagokion akta irakurri, eta egoki bada, onartzea.
-
Ondorengo ebazpenen berri ematea: Alkatetzarenak eta Zinegotzi-ordezkarienak, 2095 zk.tik 2335 zk.ra, (biak barne) eta Tokiko Gobernu Batzordearenak.
-
Berri ematea: 2022ko 3ngo hiruhila, udalaren eta menpeko entitateen aurrekontuaren exekuzioa eta OBBE.
-
Proposamena: itxitako ekitaldietako diru-sarreren baja.
-
Proposamena: 2022SKAL0008 kreditu aldaketen espedientea onartzea.
-
Proposamena: 2023 urterako Ordenantza Fiskalen hasierako onespena.
-
Proposamena: Altzateko Hiri antolamendurako Plan Bereziaren 1. Aldaketa Puntual Partziala (16. Area) (2022ko urriako bertsioa). Behin-betiko onarpena.
-
Udal talde sozialistak Beraungo anbulatorioko ordutegiak murrizteari buruz aurkeztutako mozioa.
-
EH Bildu Orereta/Errenteriak eta Elkarrekin Errenteriak aurkeztutako mozioa: Onkologikoaren egoera.
-
Galdera-eskariak.