Inauterietan herria zertaz mozorrotuko den aukeratuko dute errenteriarrek
Udalak galdeketa bat kaleratu berri du, herriko hainbat gunetan jarri dute eskuragarri. Honako gaien artean bozkatu beharko da: denboraren makina, Barrio Sesamo, bidaiak, sagak, janaria eta pop artea.
Aurtengo Inauterietan kaleak, tabernak, dendak edota kuadrillak zertaz mozorrotuko diren erabakitzen hasiko dira Errenteria-Oreretako herritarrak. Udalak galdeketa bat kaleratu berri du, eta ondorengo sei aukeren artean bozkatu beharko da: denboraren makina, Barrio Sesamo, bidaiak, sagak (fikziozkoak, fantasiazkoak..) janaria eta pop artea.
Azaroaren 7ra bitarte bozkatu daiteke, Lekuona Fabrikan, udaletxean, Xenpelar Etxean eta Fanderiako zein Galtzarabordako kiroldegietan jarritako kutxetan. Azaroaren 16an jakinaraziko dute Inauteri Batzordeko kideek aurtengo gaia.