Trafiko aldaketak izango dira asteburuan, hilerri inguruan
Domusantu Eguna dela eta, bisitari asko espero direnez, trafiko aldaketak egingo dituzte, ostiral arratsaldetik hasita.
Datorren asteartea Domusantu Eguna izango da, eta horren harira, bisitari asko aurreikusi dira kanposantuan. Aurreko egunetan ere bisitarien kopurua ere handitzen da.
Horregatik, ibilgailuen joan-etorria ordenatu nahi du udalak, segurtasuna bermatzearekin batera. Datorren ostiral arratsaldetik (18:00etan) aurrera, trafiko aldaketak izango dira. Asteartean bukatuko da behin-behineko antolaketa hori, 23:00etan.
Hilerrira autoarekin joateko Sibeluts kalea 1etik joan behar da (ikastolatik). Udalak jakinarazi duenez, Sibeluts-Goizueta kaleko bidegurutzetik hilerrira ezingo da kotxearekin pasa. Noranzko hori irteteko bakarrik izango dela iragarri dute.
Ibilgailu pribatuak aparkatzeko aukera izango da Sibeluts kalean, goranzko noranzkoan, Goizueta kaleko bidegurutzeraino. Beheranzkoa, berriz, zirkulaziorako erabiliko dela azaldu dute.