Urdaburu eguna, azaroaren 27an
Hiru txango antolatu dituzte egun handirako, adinaren arabera banatuko dituzte mendizaleak. Irteeren ondoren bazkaria egingo dute Arritxulon.
Datorren azaroaren 27an (igandea da) Urdaburu eguna ospatuko dute elkarteko bazkideek eta herriko mendizaleek. Nola ez, mendi irteera batekin ospatuko dute eguna, eta bazkari batekin biribildu. Azaroaren 17a izango da izena emateko azken eguna.
Bazkaria Arritxulon izango da. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek aldiz, bost euro. Bertan ordaindu beharko dela aurreratu dute. 17:30ean itzuliko dira herrira, autobusean.
Elkarteak jakinarazi berri duenez, hiru txango antolatu dituzte azaroaren 27rako. Batetik, helduen txangoa egingo dute, honako ibilbidearekin: Arrritxulo-Endara-Domiko-Bidango-Bianditz-Arritxulo. Orotara, 14,5 kilometroko bidea izango da. 7:30ean jarri dute hitzordua, Zumarditik abiatuko da autobusa. Bakarrik bazkarira joan nahi dutenak aldiz, 13:45ean aterako dira Zumarditik.
Bestetik, gurasoen txangoa egingo dute, Listorretatik Urdaburura joango dira, eta handik berriro Listorretara. 8:00etan abiatuko dira, Iztietatik. Eskolartekoen sailean aritzen diren haurren gurasoentzako txangoa izango da. Eskolartekoak aurretik joango dira begirale taldearekin eta gurasoak atzerago. Tontorrean elkartuko dira eta jaitsiera elkarrekin egingo dutela aurreratu dute. Lotura honetan soilik gurasoek eman behar dute izena, eta bazkaltzen geldituko diren edo ez adierazi beharko dute.
Azkenik, txikien txangoa egingo dute, eskolartekoekin ibiltzen ez diren haurrek parte hartu ahal izango dute. 8:00etanabiatuko dira Susperregitik eta Urdaburu igoko dute. Esteka honetan eman beharko da izena.
Internetez gain, elkartearen egoitzan ere apunta daitezke interesdunak, astearte eta ostegunetan 19:00etatik 21:00etara. Bestela, 943 52 78 79 telefono zenbakira ere hots egin daiteke.