Geuretik Sortuak-eko emanaldi guztiek 5.500 ikusle bildu dituzte
Udalbiltzaren kultura sustatzeko egitasmoaren barruan 26 lan babestu dituzte. Horietako 11 Oiartzunen gozatzeko aukera egon da.
Udalbiltzak sustatutako Geuretik Sortuak egitasmoaren lehenengo ekitaldia bukatu da. Oiartzungo Udala izan da sustatu duen udaletako bat, eta egin duten balorazioaren berri eman du.
Gogorarazi dutenez, Lore-more antzerki taldeak egonaldia egin zuen iazko udaran, Trapu zikinak antzezlana sortzeko. Urtarrilean eman zuten Oiartzunen, eta uztailean, berriro.
Horrez gain, beste bost antzezlan eta beste hainbeste film labur ikusteko aukera egon da herrian, baita literatur lanekin gozatzeko ere.
26 sormen lan
Udalak gogorarazi du Geuretik Sortuak-i esker 26 sormen lan garatu dituztela. “5.500 ikusle bildu dituzte hauek: 130 antzerki emanaldi egin dira, 26 liburu aurkezpen eta beste hainbeste fin emanaldi antolatu dira Euskal Herriko herrietan”.
Gaineratu dutenez, euskarazko lanak bultzatzeko “proiektu garrantzitsua” izan da. Horregatik, Euskal Herriko udal asko biltzen dituen erakundeak bigarren ekitaldia jarriko du martxan. 2023 egonaldien eta sormenarentzako urtea izango da, eta 2024an zirkuitua egingo dute.
Beka deialdia irekita dago, eta informazio osoa Udalbiltzaren webgunean lor daiteke.