"Ezingo dugu Koldorekin dugun zorra kitatu"
Kirol Sariaren bitartez, Oiartzun Kirol Elkartean egindako lana aitortu diote Koldo Fernandezi. Otsailean hil zen, eta semeek jaso dute saria.
Koldo Fernandez Etxarte Oiartzun Kirol Elkarteko presidente izan zenaren semeek jaso dute gaur Kirol Saria. Zazpigarren aldiz banatu dute, eta aurreko urteetan bezala, herritarrek hautagaiak proposatu eta herriko Kirol Aholku Batzordea osatzen duten eragileek hautatu dute saritua.
Enekoitz Markos Kirol zinegotziak —OKEtik pasatu da— hartu du hitza lehendabizi. Esan duenez, kirolaren alde oiartzuar asko ari dira lanean, eta beretzako figura hori hobekien islatzen zuena Fernandez zen.
Bere ibilbideari errepasoa eman dio: “11 urtez aritu da lehendakari lanetan, baina lehenago idazkari, delegatu eta entrenatzaile izan zen. Kantinan lanean ikusi dugu; bertan trago bat hartzen; epaileekin haserretzen ginenean, gu lasaitzen; gurekin haserretzen ziren epaileak ere bai lasaitzen… Ugaldetxoko futbol zelaira joaten ginenok zoriontsu egiten gogoratzen dugu”.
Bi mugarri
Saria ematerako garaian, 1977-78 denboralditik pasa denera arte egindako lanean bi mugarri aipatu ditu Markosek. Alde batetik, emakumeen futbola sustatzearena. “Emakumeen futbola dagoen tokian dago Koldoren lanari eta OKEri esker. Aitzindari izan dira”, gaineratu du.
Beste mugarria aniztasun funtzionala duten pertsonek futbolarekin gozatzeko aukera izatea. “Mindara elkartearekin elkarlanean aritu da, aniztasun funtzionala duten pertsonak zoriontsu izaten laguntzen”.
Fernandezek transmititutako baloreak goraipatu ditu Kirol zinegotziak: umiltasuna, errespetua… Presidente izan zenak OKEtik pasatu diren guztien “maitasuna” duela ziurtatu du, gainera.
“Zaila da ordeztea”
Jarraian, Enrike Lekuona egungo lehendakariak hartu du hitza, eta esan du “zaila” dela Fernandez ordeztea. “Merezi zuen saria, eta zaila zen egiten zuen lana aurrera eramatea”, adierazi du.
“Gazteak ikusi nahi zituen formatzen. Esaten zuenez, ‘Hauek hemen badaude, ez daude beste inon, eta badakigu zertan ari diren’. Zorra ezingo diogu kitatu, ezinezkoa da. Besteei ordu asko eskaini dizkie; oso zaila da 500 laguneko klub bat aurrera eramatea”, goraipatu du Lekuonak.
Kirolaren munduan “gazitasun” asko daudela onartu du egungo presidenteak, eta oztopo horiek gainditzeko gaitasuna aitortu dizkio Fernandezi. “Oso pozik egongo zen saria jasotzeaz. Jarrai dezagun utzitako lekukoa guztien artean eramaten”, bukatu du Lekuonak.
OKEko kideek Fernandezekin zuten harremana azaltzen duen bideoarekin jarraitu dute, alkateak hitza hartu baino lehen. Jexux Leonetek kirolaren balioak transmititzea txalotu dizkio, eta “kirolean zein bizitzan erreferente” izatea.
Saria jasotzea
Fernandez zenaren semeek jaso dute saria. Haietako batek —Eñautek— hitza hartu du herriko elkarteei eskerrak emateko, baita aita zenari ere eskerrak emateko.
“Kirola musu truk egiten dugu, baina horrekin ekarpena egiten dugu herri bizi bat lortzeko”.
Kirol Sariaren ekitaldia bukatzeko, familia-argazkia atera dute Fernandezen senide, lagun eta OKEko beste kideek, mokadutxo eta trago batzuk jan-edan baino lehen.