2023ko Kilometroaken leloa eta irudia aurkeztuko dituzte ostiralean
Orereta Ikastolak ekitaldi irekia egingo du Lekuona Fabrikan, arratsaldez. 70 lagunetik gora igoko dira oholtzara: ikasleak, gurasoak, ikasle ohiak, dantzariak, musikariak...
Datorren urteko Kilometroak antolatuko du Orereta Ikastolak. Lekukoa jada jasota, orain leloa eta irudia aurkezteko unea heldu da. Ostiralean (azaroak 4) egingo dute aurkezpen ofiziala, Lekuona Fabrikan. Ostiralekoa datorren urteko ospakizunari begira aurreikusitako hainbat jairen antolaketaren “mugarria” izango dela diote ikastolako iturriek.
19:00etan hasiko dute ekitaldia. 70 lagunetik gora igoko dira oholtzara, tartean nola ez, ikasle, senide eta langileak, eta haiekin batera, Zaria abesbatzako, Ereintza dantza taldeko, Kukai konpainiako eta Errenteriako Musika Bandako kideak ariko dira.
Bertaratzeko interesa duten herritarrek doako sarrera eskuratu beharko dute, esteka honetan.