Landetxeko eraikineko eskaintzaren berri dute jubilatuek
Bukatzear den eraikineko lehenengo solairuan nolakoa izan den badakite jubilatuek, eta bertan izango den eskaintzaren berri ere bai.
Landetxe plazan eraikitzen ari diren eraikinaren lanak bukatzen ari dira. Lehenengo solairua jubilatuei eskainitako txokoa izango da. 172 metro koadro izango ditu, eta hainbat ataletan banatuko dute.
Jubilatuen egoitzak egongela handi bat, tailer gela bat, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua izango ditu. Horrez gain, lehen bezala, taberna bat izango du ondoan, eta Gazte Izanak jubilatuen elkartearen bulegoa ere jasoko du.
Espazio berri horretan kultur ekintzak, tailerrak, solasaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, txapelketak eta beste hainbat jarduera aurrera eramateko aukera egongo da. Herriko jubilatu guztientzako txokoa izango da.
Prozesuaren emaitzak
Udalak parte-hartze prozesua abiarazi zuen duela hilabete batzuk, herriko erretiratu eta beste adinekoen beharrak ezagutzeko. Gainera, gune berriak zer eskaini beharko lukeen adierazi dute bertan parte hartu dutenek.
Auzoz auzo egin diren 8 saioetan 101 pertsonek parte hartu dute. Guztien artean Landetxeko eraikineko lehen solairuak izan beharko lituzkeen jarduerak plazaratu zituzten. Urriaren 19an aurkeztu zituzten prozesuaren emaitzak.
Oiartzungo eragile askok egiten dute lan adineko eta erretiratuekin: Gazte Izanak, Duintasuna, HELTA, Petra Lekuona, Killirikupe emakume taldea, Bidelagun, Torri Gukin… “Guztien artean, parte-hartze saioetan atera diren behar eta interesei erantzuteko eskaintza zabala eta irekia osatuko dute”, azaldu du udalak.
Prozesuaren ondoren, erabaki dute edozein erretiratuk izango duela proposamenak egin eta jarduerak antolatzeko aukera.