[Elkarrizketa] «Kalea gurea da, baina oholtzan ere egoteko prestigioa behar du trikitiak»
Euskal Herriko Trikitixa Jaialdiaren lehen saioa jasoko du Niessenek bihar (18:30). Saio «ezohiko eta berezia» izango dela aurreratu dute antolatzaileek: «Denetik izango da, berritasun asko daude».
Larunbatean Niessen trikitiaren nazioarteko agertoki nagusi izango da. Zergatik animatu herritarrak bertaratzera?
Lehenik eta behin, trikitia ez delako bereziki oholtzan entzuten den instrumentu bat herri honetan. Azken urteetan mugimendu handia sortu da. Ohituta gaude trikitixa kalean ikustera, kalejiretan, jaietan… Eta soinu txikia oholtzan modu honetan ez dugu entzuteko ohiturarik, eta are gutxiago nazioarteko ikuspegi batetik.
Saioa ezohikoa izango dela diozue.
Bai, denetik izango da oholtza gainean. Bertako soinu joleei dagokionez, Zopilotes Txirriaos taldeko Eneko Dorronsoro izango dugu. Ukitu blusero eta jazzero bat ematen die bere kantuei. Eneritz Furyak irundarra ere izango dugu. Azken urteetan egin duen ibilbidean oso tendentzia markatua izan du, baina aspaldian ez dugu soinua jotzen entzun. Eneritz entzuteko iruditzen zait aukera bakarra izango dugula, primizian dator. Eta azkenik, Huntza taldeko Josune Arakistain dator, eta besteak beste, primizian ere kantu bat joko du. Berrikuntza ikaragarriekin datoz. Ez ditugu inoiz entzun horrela, eta ez dakigu etorkizunean entzungo ditugun ere.
Bertakoez gain, kanpoko musika ere ekarri nahi izan dugu, musikari oso ezagunak datoz. Irlandako eta Kataluniako hainbat musikari datoz euren errepertorioarekin. Irlandatik Damien Mullane dator, eta Kataluniatik Ivan Caro, adibidez. Galdu ezin den zita horietakoa da.
50 urte bete dira trikitilariak aurrenekoz jaialdi baterako elkartu zinetenetik. Nolakoa izan da bilakaera ordutik?
Tesi luze baterako ematen duen gaia da. 1972an Usurbilen lehen aldiz elkartu ziren trikitilariak beraien artean, lehen festa izan zen. Orduan halako mugimendu bat sortu zen, eta hurrengo urteetan herriz herri hasi ziren jaialdi horrekin. Konturatu ziren antolatzeko beharra zutela, haien artean elkartzekoa. Gerora Euskal Herriko Trikitixa Elkartea sortu zen. Ordutik garapena ikaragarria izan da, errepertorioan eta jotzeko moduan izugarrizko aldaketa handia eman da. Joseba Tapiarekin eta Kepa Junkerarekin halako haustura bat izan zen, eta 1990eko hamarkadan boom-a etorri zen. Oholtzan ikusi genituen Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, edo Gozategi. Izugarrizko arrakasta izan zuten. Hainbeste talde sortu ziren hamarkada horretan, erromeriaz harago berbena giroko mugimendu ere bilakatu zela. Eta diskoak argitaratzen hasi ziren, inoiz bezala gainera. Gero halako lasaitze bat egon da, eta orain berriz ere indartsu gatoz. Huntza iristearekin batera ezin dugu ahaztu urte hauetan guztietan hor egon direla Xabi Aburruzaga, Korrontzi edo Xabi Solano, azken honek Fermin Muguruzarekin batera munduan zehar jo du soinu txikia. Badirudi ez garela egon, baina ez da egia, egon gara eta hor jarraitu dugu, nahiz eta gazteengana iristeko beste bide batzuk izan diren oraingoan. Eta orain, teknologia berriekin beste berrikuntza baten aurrean gaudela garbia da.
Beraz, transmisioa bermatuta dago.
Nire aitona oiartzuarra zen, soinu jolea zen, berarengandik jaso dut zaletasun hori. Eta duela gutxi jakin dugu Oiartzunen bazela garai batean soinu jole ugari. Halako eten bat egon da, baina trikitiaren olatua berriz ere indartsu etorri da. Oraintxe bertan eskola pila daude. Haurra nintzenean Bidasoan baziren bost trikitixa eskola. Ikaragarria zen hori, olatua erraldoia izan zen. Eskola horietatik etorri zen Alaitz, adibidez, eta hortik datoz gaur egungo irakasleak. Egia da Oreretara etorri nintzenean ez zegoela mugimendu oso handirik, baina azken 20 urte hauetan kalean asko entzun da soinu txikia, berriz ere izugarrizko indarra hartu du zorionez, baita eskualde honetan ere.
Zer du berezi trikitiak?
Trikitia kaleko instrumentua da, kalea gurea da, trikitixarena. Kalean gaude eta beraz, herriarena da. Eta herritarrena denaren partetik horrek egiten gaitu hain maitatuak. Beste instrumentuen aldean daukagun berezitasun garrantzitsuena uste dut hori dela, eta herriarena izaki, oholtza gainera eramateko prestigioa behar du. Ez dugu zertan kalean geratu beharrik. Kalea gurea izatearekin batera oholtzan ere egon behar dugu, eta horretarako aukera paregabea da nazioartekoa. Kalean entzuten dugunaz harago, oholtza gainean entzungo duguna erabat ezberdina izango da, baita aberasgarria ere. Beharrezkoa dugu joatea gure belarriak gozatzeko, gure ikuspegiak zabaltzeko, gure entzumena fintzeko, eta trikitiaz gehiago jakiteko.