[Korrikalarien testigantzekin] 20.000 metro emozio
Behobiako irteeran izango diren guztiek helbururen bat izango dute. Asko kronometroari estu begira joango dira, baina beste hainbaten xede izango da lasterketa pozik bukatzea. Hemen, bederatzi korrikalariren iritziak.
Korrikalari adina helburuk bat egingo dute etzi Behobiako irteeran. Errepidean izango diren lasterkari den-denek helbururen bat izango dute, eta Donostiako Bulebarreko helmugara iristean euren buruari esango diote ea aurreikusitakoarekin konplitu duten, edo ez. Ondokoek, ziur, emaitza edozein izanda ere, zoriondu egingo dituztela parte hartzaile guzti-guztiak.
Oarsoaldeko eta Bidasoko korrikalariek pizgarri berezia dute Behobia-Donostian. Afizioa alde dute. Asko izango dira Euskal Herritik kanpo asteburu honetan bi eskualdeetan nahiz Donostian asteburu-pasa egingo dute kirolariak, baina bertakoek adina animorik ez dute jasoko. Errepide bazterrera begiratuta oihuka ari diren pertsonen aurpegi ezezagunak izango dituzte aurrez aurre. Kanpotik etorritako horiek ez dituzte ondokoen edo hurbilekoen animoak izango, baina ziur roller, handbike kirolari, eta korrikalari guztiek uneren batean ezezagun horien babesa izango dutela motelaldiren batean aurrera egiteko grina pizteko.
Oarsoaldeko eta Irun nahiz Hondarribiko 1.000 bat partaide izango ditu etziko lasterketak. Euskal Herriko jendetsuena da, eta duen ospea nazioko mugetatik askoz harago doa. Horren jakitun, kolore orotariko elastikoen segizio izerditsuarekin bat egin duten bertako korrikalariek begi bat errepidean, eta bestea publikoari begira izango dute. Askok jakingo dute non dituzten ezagun edo senideak; haiengana iristerako, nahiz eta leher-leher eginda egon, irribarrerik zabalena egiten saiatuko dira. Gero, gerokoak.
HITZA-k etzi irteeran izango diren bederatzi korrikalariren iritzi eta testigantzak jaso ditu. Ia denek hitz bat behin baino gehiagotan errepikatu dute: gozatu. Izan ere, gozamenik ez bada, ez du zentzurik Behobia eta Donostia lotzen dituen hogei kilometroko bidea korrika egiteak. Nor bere helburuarekin, baina gozatzea da asmoa.
Leire Juanbeltz. Errenteria-Orereta.
«Gozatzeko lasterketa bat da Behobia-Donostia»
Aurten hirugarrenez egingo dut Behobia-Donostia. 2019koa egin nuen, 2020an geldialdia izan zen, eta iaz errepikatu nuen. Nire helburua da, hasteko, gozatzea. Oso gustuko dut lasterketa. Orain Bartzelonan bizi naiz, eta harantz [Gipuzkoarantz] espresuki joango naiz lasterketan parte hartzera, asteburu-pasa. Ahal badut, noski, iaz egindako denbora gutxitu nahiko nuke, baina helburu nagusia disfrutatzea da. Gozatzeko lasterketa bat da Behobia-Donostia.
Lasterketako unerik kutunena, errenteriarra izanik, nire herritik pasatzen den unea da. Gamon Zumardiko zuzengunea oso emozionantea da, ezagun asko daudelako. Berez, lasterketan, sekulako giroa dago herrian, eta handik pasatzen naizenean… sekulakoa da.
Entrenamendu aldetik, aurten serioago nabil. Aita asko ibilia da korrikaren munduan, eta hari esan nion entrenamenduak emateko. Nahiko kasu egin diot!
Nebai Muñoz. Pasaia.
«Behobiako unerik politena Antxotik pasatzea da»
Bigarren Behobia dut aurtengoa, lehena 2019koa izan zen, pandemiaren aurrekoa. Nire helburua ordubete eta hogeita bost minututik jaistea izango da, hau da, aurretik dudan marka gainditzea. Prestaketa nahiko ona egin dut, bi hilabetez izan naiz entrenamenduekin, gogor. Azken astean gutxi entrenatuko dut, kanpoan nagoelako lanean [Oxford-etik, Ingalaterratik erantzun ditu HITZA-ren galderak].
Behobiako unerik politena niretzat Antxotik pasatzea da, inolako zalantzarik gabe. Lagunak, familia… han nituen denak animatzen aurrenekoz atera nintzenean, beraz, oso une ona eta polita izan zen niretzat.
Nire kaxoian bakarrik aterako naiz, baina hurbileko asko izango dira lasterketan. Adibidez, June Muxika bikotekidea aterako da, Gorka Simon kuadrillako kidea, baita nire aita ere [Behobia asko egindakoa da]. Norbera bere aldetik aterako gara, baina han izango gara.
Itsaso Leunda. Hondarribia.
«Zirrara berezi bat sortzen dit beti lasterketak»
Behobia-Donostia asko egin ditut, eta egia esan, ez dut oso gogoan zenbatgarrena den aurtengoa. Iazko marka hobetzea, eta ondo pasatzea dira nire asmoak. Azken batean zale asko daude errepide ertzetan, ez bakarrik bertako herrietakoak, Gipuzkoa osotik etorritakoak ere. Ilusio berezia egiten dit karrerak, gainera, txiki-txikitatik ikusi dudalako telebistatik edo errepidetik. 18 urte bete nituenean egin nuen lehenengoz. Ordutik, zirrara berezi bat sortzen dit beti lasterketak. Iruneko pasaera da niretzat bereziena, Kolonekoa. Irunen familia dut, eta beti izaten naiz begira ea non dauden izeba-osabak.
Prestaketarekin lagun batzuen laguntza izan dut, sei asteko plangintza bat egin dugu. Lehen errendimenduko kirolaria nintzen, baina duela urte eta erdi ama izan nintzen. Beraz, orain kirolaren beste ikuspegi bat bizitzen ari naiz. Lehen egintzat ematen nituen gauzak, orain erronka eta ilusio bereziak dira.
Peio Campiña. Lezo.
«Kuadrillaren ordezkari bakarra izango naiz aurten»
Bosgarrenez aterako naiz Behobia-Donostian. Lehena 2017koa izan nuen, eta 2020koa kenduta ez zelako egin, ordutik denetan parte hartu dut. Lagun batengatik eman nuen izena lehenengoz: harekin korrikan denbora antzekoetan ibiltzen nintzen eta izena ematera animatu ginen. Lagunak Behobia hura egin zuen soilik, eta nik jarraitu nuen. Gainera, nire kuadrillako inor ere ez da aterako aurten, beraz, kuadrillaren ordezkari bakarra izango naiz!
Irteera oso polita da. Errenteriako irteerako gasolindegiko maldaren bukaera ere polita izaten da, Lezoko ezagun asko izaten direlako bertan. Berezia da lasterketa, ikusle asko izaten delako errepidean animatzen. Hau da, giroa polita da eta horrek asko laguntzen du. Ez dut ezagutu zirkuitu zaharra, Lezotik pasatzen zenekoa; pentsatzen dut herriko jendearentzat polita izango zela herritik pasa, eta herritarrek animatzea. Ni hala izaten nintzen behintzat.
Jara Gartzia. Oiartzun.
«Lehengo urtean bertan pentsatu nuen izena emango nuela»
Nire bigarren Behobia da etzikoa, iaz atera nintzen lehenengoz. Oso esperientzia ona izan zen. Aurretik entzuna nuen oso lasterketa polita zela, batez ere duen fama eta giroagatik. Aitarekin batera atera nintzen, eta asko gozatu nuen. Lehengo urtean bertan pentsatu nuen aurtengoan seguru izena emango nuela. Halaxe izan da.
Nire helburu nagusia ongi pasatzea izango da, karreraz disfrutatzea. Denbora helbururik ez dut, aitarekin aterako naiz, eta elkarrekin gozatzea dugu xede. Iaz, Gaintxurizketako gainean eta Errenteriako pasaeran asko gozatu genuen, asko gustatu zitzaidan; jende asko zegoen, animatzen, pozik.
Entrenamenduak ondo daramatzat. Behobia ez dut bereziki prestatu, urtean zehar ere entrenatzen eta korrika ibiltzen naizelako, askotariko entrenamenduekin. Adibidez, Iruñeko Zubiri maratoi erdia egina dut aurretik, urrian.
Alfredo Oraa. Irun.
«Nire denbora helburua aspaldi bete nuen, beraz, gozatzera aterako naiz»
Hemezortzigarren Behobia da igandekoa niretzat. Badut esperientzia, beraz. Gainera, Behobia auzoan bizi naiz, eta horrek are bereziago egiten du lasterketa. Beraz, egungo zirkuitua eta aurrekoa ezagutzen ditut. Giro aldetik oraingoa politagoa da; orain Oreretatik pasatzen da, eta sekulakoa da, jende gehiago dago, giroa hobea da.
Igandeko helburua helmugara ondo iristea izango da, ahal badut ordubete eta hogei edo hogeita hamar minutu inguruan ibiltzea. Aspaldi bete nuen nire denbora helburua [ordubete eta hamazazpi minutuko marka egina du], beraz, gozatzera aterako naiz, ondo pasatzera.
Esan dut. Oso berezia da karrera niretzat. Behobian bizi naiz, etxe ondotik ateratzen da lasterketa, eta bere xarma badu Behobiak korrikalari modura baita behobiar bezala ere. Txirrindularitzan Frantziako Tourra bezala da, oso berezia da kirol ekitaldi hau.
Larraitz Etxebeste. Oiartzun.
«Behobiak badu bere xarma, hainbeste jende batera!»
Iaz egin nuen lehenengo Behobia, beraz, etzikoa bigarrena da. Aurten nire helburua ez da denbora zehatz bat egitea, gozatzea baizik. Aurten bai. Izan ere, ikasketekin ez dut denbora nahikorik entrenatzeko, eta badakit ez nagoela nahiko nukeen sasoiarekin. Igandeak dauzkat libre entrenatzeko, beraz, ahal dudana emango dut baina denbora aldetik helburu finkorik gabe. Egitearekin nahikoa dut. Batez ere, mendian korri egitea dut gustuko, nahiko berria naiz honetan.
Ni, berez distantzia luzeko lasterketetan hobeto moldatzen naiz. Beraz, oso lasterketa herrikoia izanik, Behobiak badu bere xarma, hainbeste jende batera! Urtean zehar ez da horrelakorik. Sortzen den giroa gustatzen zait, ibilbide osoan jendea dago animatzen, musika izaten da bazterretan… Oso polita da.
Azken astean ez ditut kilometro asko egin nahi, igandean ahalik eta freskoen egoteko. Lasai hartuko ditut igandera arteko egunak.
Martin Altuna. Hondarribia.
«Bizitzan behin gutxienez egiteko asmoa nuen»
Lehenengoz parte hartuko dut Behobia-Donostian. Betidanik egin izan dut kirola, urte askoz arraunlari izan naiz. Korrika egitea beti gustuko izan dut, baina ez naiz behin ere distantzia luzeko lasterketak egitera animatu. Aurten gogotsu nenbilen, eta tira, izena ematera animatu nintzen. Bizitzan behin gutxienez egiteko asmoa nuen.
Astean lau entrenamendu egin izan ditut prestaketarako. Gainera, Txingudi Korrika, Donostiako Hiru Hondartzetakoa, edo Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdia ere egin ditut prestaketarako; azken honetan bero handia egin zuen hego haizeagatik, eta gogorra izan zen. Behobiarako badut helburua: kilometroko erritmoa lau minutu eta berrogeita bost segundokoa izatea, ordubete eta berrogei minutu egiteko.
Uste dut berotzeko unean urduri sentituko naizela, zirraraz. Jende asko aterako da, berria eta ezberdina izango da hori niretzat.
Leire Amiano. Lezo.
«Jendeak eramaten zaitu, animoek bultzatzen zaituzte»
2021ekoa izan zen nire lehen Behobia-Donostia, eta aurtengoa bigarrena da. Iazkoa esperientzia ona izan zen, eta errepikatzeko asmoa nuen. Izan ere, iaz, nire buruari helburu bat jartzeagatik eman nuen izena, erronka moduan, azken batean 20 kilometro egitea erronka delako, helburu ederra. Bete nuen, gozatu nuen. Aurtengo erronka, berriz, iazko denbora pixka bat jaistea izango da.
Prestaketa aldetik Donostiarantz edo Oiartzunerantz korrikaldiak egiten ditut, 10-15 kilometro ingurukoak. Gimnasiora ere joaten naiz indarra hartzeko. Eta lasterka abiadura hartzeko, serieak.
Behobiakoa oso egun berezia da. Jendeak eramaten zaitu, animoek bultzatzen zaituzte. Espektatiba batzuekin joan zaitezke, baina hori gainditzen du lasterketak, hori da nire esperientzia behintzat. Aurten, gainera, COVID-19ak eragindako murrizketarik ez da, orduan, hobeto izango da dena.