[Galeria] Olegario Izagirrek merezitako omenaldia jaso du
Ereintza elkarteak antolatuta, omenaldia egin diote Errenteria-Oreretan musika bultzatzen lana egin duenari.
Parrokiako kontzertua izan zen omenaldiko ekitaldi nagusia. Ereintza elkarteak Olegario Izagirre omendu zuen atzo arratsean. Musika irakaskuntzan egindako ibilbide oparoa aitortu nahi izan diote errenteriarrari. 1946an hasi zuen musika ibilbidea, zortzi urte zituela, Eskolanian.
Ondoren txistuarekin eta organoarekin trebatzen hasi zen, eta egun Errenteria Musikal den kontserbatorioaren bultzatzaileetako bat izan zen. Euskal Herriko Txistularien Elkartea Errenteria-Oreretan egotearen errudun-etako bat ere izan da Izagirre.
Oarsoaldeko txistularien kalejirarekin hasi zen ekitaldia, Gamon Zumarditik hasita. Herriko kaskoko hainbat kale zeharkatuta, elizaraino lagundu zituzten Izagirre eta haren senideak, Goiko Kaleko atetik sartuta.
Parrokiako kontzertuan zortzi pieza jo zituzten, organo, tronpeta eta txistuarentzat konposatutakoak. Bukatzean, Errenteriako Udalaren aitortza jaso zuen, eta txistulariak plazan elkartu ziren ondoren.
