Bandak eta Andra Marik "kontzertu hunkigarri eta ikusgarria" eskainiko dute ostiralean
Aurtengo Santa Zezilia kontzertuan Guillermo Martinez konpositorearen 'Luna' obra eta Pablo Sorozabal izango dira protagonista nagusiak. Sarrera doakoa izango da.

Errenteriako Musika Kultur Elkartearen eta Andremari Abesbatzaren egitasmoz, Santa Zezilia kontzertua antolatu dute ostiralerako (hilak 18). Fatimako elizara (Martin Etxeberria Kalea) itzuliko da kontzertu klasikoa, bi taldeek “kontzertu hunkigarri eta ikusgarria” eskainiko dutela azaldu dute gaurko aurkezpenean antolatzaileek.
Bi protagonista nagusi izango ditu emanaldiak. Batetik, Guillermo Martinez asturiar konpositore gaztea; eta bestetik, Pablo Sorozabal Mariezkurrena donostiar konpositorea. Asturiarrak EMKEk enkargatutako Luna poema sinfonikoa joko du, estreinakoz. Jules Gabriel Verneren Lurretik ilargira eta Ilargiaren inguruko bidaia eleberrietan inspiratutako obra dela gaineratu dute gaurkoan. Sorozabali dagokionez, Gabiltzan Kalez Kale eta Ay, Euskalerria obrak joko ditu, besteak beste. Obra “egungo konpositore esanguratsuekin” biribilduko dute.
Musikaren ondoren, bigarren une berezia helduko da. Izan ere, zilarrezko domina emango diete Itziar Jimenez eta Tomas Lazkano musikariei, “Errenteriako Musika Bandan egindako 25 urteko ibilbideagatik”.
Azkenik gaineratu dute ostiralekoa “musika zaletu orok huts egin ezin duen kontzertu gogoangarria” izango dela. 20:30ean hasiko dute saioa, eta sarrera doakoa izango da.