Kaleko animaliei jaten ematea debekatuta dagoela gogorarazi du udalak
Arau hauste honengatik 750 eurora arteko isuna jaso dezakete herritarrek. Janaririk ez emateko eskaera luzatu dute beste behin, "herria garbi mantendu eta bioaniztasuna modu egokian babesteko".

Errenteriako Udalak gogorarazi du debekatuta dagoela kaleko katuei, ahateei, usoei, kaioei edo bestelako kale zein basa animaliei jaten ematea. Jakinarazi dute arau hauste honengatik 750 eurora arteko isuna jaso dezaketela herritarrek.
“Kale eta basa animaliei jana uzterakoan, beraien berezko izaera aldatzen da, beren aldetik behar duten janaria bilatzeari uzten diote, eta dietarekin lotutako gaixotasunak sortzen zaizkie”, esan dute udaleko iturriek. Horrez gain, utzitako janari horrek arratoiak, eltxoak eta jatorri animaleko beste izurriteak erakartzen dituela erantsi dute, “auzoetako osasun publikoarentzako arazo gune larria bilakatuz”.
Lege hauste horiek ohiko bihurtu diren guneetan seinaleak jarri ditu udalak, baina halere, oraindik hainbat herritarrek “jokaera desegokia” dutela nabarmendu dute. Horregatik janaririk ez emateko eskaera luzatu dute beste behin, “herria garbi mantendu eta bioaniztasuna modu egokian babesteko”.