Herriko emakumeek Zumardia hartuko dute hilaren 25ean
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako mobilizazioa iragarri du Oreretako Asanblada Feministak. Aldarrikapen egun honi lotuta, udalak sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du, 'Guztion indartsuago indarkeriarik gabe' lelopean.
Datorren Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunerako (hilak 25, ostirala) mobilizazioa iragarri du Oreretako Asanblada Feministak. 19:00etan bilduko dira, Zumardian.
Aldarrikapen egun honen harira, Errenteriako Udalak sentsibilizazio kanpaina bat abiatuko du, Guztiok indartsuago indarkeriarik gabe lelopean. Indarkeria matxista “egiturazko arazoa” denez, urteko egun guztietan indarkeria matxistarik gabe bizitzeko nahia nabarmendu nahi du udalak. “Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, genero desberdintasunen adierazpen larriena, botere harreman desberdinetan eta emakumeen aurkako bereizkerian oinarritzen dena”, erantsi dute udaleko iturriek.
Kanpaina honek ere ondorengo hiru mezuak zabalduko dituzte: “Errenterian indarkeria matxistari aurre egiten diogula, emakumeok ez dugula baimenik behar askatasunean bizitzeko, eta eraso baten erantzulea erasotzailea dela”.
Kanpaina honetarako udaletxeko balkoian jartzen ohi den pankarta berritu dute (herriko auzoetako emakumeek egin dute, Eskola Feministako Kakorratz sareak sortzen ikastaroko ikasleekin batera), eta autobus geralekuetako markesinetan ere kartelak jarriko dituzte. Udal eraikinetan ere banatuko dituzte, baita komertzio eta ostalaritza establezimenduetan ere.
Emakumeen Etxean, hainbat ekitaldi
Azaroaren 25aren harira hainbat saio eskainiko ditu Emakumeen Etxeak datozen egunotan. Lehenik, gaur (hilak 17) Artea: indarkeria ikusezinak sormen saioa eskainiko du Virginia Bosch artistak, “emakumeek artearen historian duten ikusezintasuna indarkeria modu gisa agerian uzteko eta sormenari aurre egiteko tresna gisa erantzuteko”. Datorren ostegunean (hilak 24), 18:30ean, Itziar Zigak bere azken liburua aurkeztuko du: La feliz y violenta vida de Maribel Ziga.
Herriko ikastetxeekin ere lanketa berezia egin du aurten udalak. Batetik, LH 5. mailako ikasleek Errenteria tratu onen alde izeneko erakusketa osatu dute. Hilaren 25etik abenduaren 16ra bitarte izango da ikusgai, Zumardiko kioskoan. Bestetik, DBH 4. mailako ikasleekin bisita gidatuak egingo dituzte Emakumeen Etxean, “etxea bera eta bertan eskaintzen diren baliabideak ezagutzeko”.