Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaranekin hasiko da 'Zai, zoi, ele'
1545 argitaletxeak eta Kantagiltzak indarrak batu dituzte, eta hilaren 27an egingo dute saioa, literatura eta musika uztartuko dituena.
1545 argitaletxeak eta Kantagiltza zikloak antolatzen dituen Lagunarteko Garaia taldeak indarrak batu, eta Zai, zoi, ele izeneko formatua sortu dute.
Literatura eta musika uztartzea izango da iniziatiba berri horren helburua. Hasteko, Joseba Tapia eta Gotzon Barandiaran gonbidatuko dituzte.
Hilaren 27an —igandea— izango da Zai, zoi, ele ekinaldiaren estreinako saio hori, udaletxeko pleno aretoan. 18:00etan hasiko da, eta sarrerak txokolategian jarriko dituzte salgai, zortzi euroan.
Apoaren itzala du izena Tapia eta Barandiaranen ikuskizunak. Tapiaren Apoaren edertasuna 1998ko diskoa du abiapuntu, eta musikariaren bakarkako ibilbidea errepasatzen dute, hitz eta solasez.
Ikuskizun horrek, zehazki, Kantagiltzan du jatorria, Literaturia proiektuak enkargatuta. Apoaren itzala iaz aurkeztu zutenean, BERRIA-k jaso zuen azalpena: “Oiartzungoa gehiago izan da biren arteko elkarrizketa bat, askotan inprobisatua ere bai, bat-batekoa; galderak momentuan sortzen ziren, jendeak ere galdetzen zuen… Baina Zarauzkoa izango da ikuskizun bat: idazle bat kanta batzuei buruzko testu berriak irakurtzen eta kantaria kantatzen”.