63 milioi euroko aurrekontua izango du udalak 2023rako
Iaz baino bost milioi euro gehiago izango ditu datorren urtean. Agintaldiko azken urtea izateko "oso anbizio handiko" aurrekontua dela dio Aizpea Otaegi alkateak.
Errenteriako Udalak 63.073.500 euroko aurrekontua izango du datorren urterako. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, bost milioi euro gehiago izango du udalak (%8,5eko igoera). Batetik, Udalen Finantziaziorako Foru Funtsaren igoeragatik bi miloi euro jasoko dituelako; eta bestetik, Next Generation Funtsetatik hiru helduko direlako. “Oso anbizio handiko aurrekontu baten aurrean gaude agintaldiaren azkeneko urtea izateko”. esan du Aizpea Otaegi alkateak. Gaur bertan oposizioari aurrekontua helarazi diotela erantsi du, eta “iruzkinak eta proposamenak entzuteko prest egongo” direla esan du. Abenduko plenoan onartuko dituzte aurrekontu hauek, eta dena ondo bidean, urtarrila hasieran indarrean egongo da.
Gehigarri honi esker ia departamentu guztietan igoera aurreikusten dutela azaldu du alkateak, eta bi helburu betetzen direla dio: 2019-2023 agintaldi planaren “garapenean sakontzeko” aukera emango diela, eta “austeritatea alde batera utzita, biztanleen ongizatea bermatzeko eta tokiko ehun ekonomikoa eutsi eta bultatzeko” neurriak bideratuko dituztela.
“Udalerrian inpaktu handia izango duten inbertsio esanguratsuak” finantzatzeko aukera ere izango dutela nabarmendu du. Besteak beste, Pontikako garajeak egiteko (1.000.000 euro), Gaztañoko igogailua egiteko (520.000), Beraun kaleko berrurbanizazioa egiteko (520.000 euro9, Gabierrotako pasealekuko interbentzioa egiteko (800.000 euro), Agustinetako lanbide sortzaileen polorako (1.075.000 euro) eta Gamon ikastetxeko proiekturako (400.000 euro) bideratuko dute gehigarri hori.
Aurrekontu osoaren inguruko xehetasun guztiak hemen kontsulta daitezke.