[Elkarrizketa] «Dragoi horren gainean jarri eta euskarari bultzadatxoa ematea izan da liburu honen asmoa»
Euskaraz sortu eta idatzitako lehen fantasiazko eleberrietako bat idatzi du oreretarrak: ‘Itzalen dama eta Patxi Bakallu’. Abenduaren 1ean aurkeztuko du herrian, Lekuona Fabrikan.
Oreretarraren liburuaz gehiago jakin nahi dutenek, hitzordua izango dute datorren abenduaren 1ean (osteguna da). Lekuona Fabrikan aurkeztuko du eleberria, 18:00etatik aurrera. Bertan, Leonetez gain, Iñaki G. Holgado ilustratzaile oreretarra izango da.
Kalean da jada liburua. Zerbait aurrera dezakezu?
Euskal mitologia beste munduko kultura eta mitologiekin lotzea izan da liburuaren helburua. Fantasia eta abentura lotu ditut, fantasiazko mundu batean kokatu dut istorioa. Saga bat bezala planteatu dut. Liburu bakoitza kultura edo mitologia ezberdin batekin lotuko dut, hori da asmoa. Patxi Bakallu nire etxean asko aipatzen zen, Perico el de los palotes bezala, amak maiz esaten zigun: «Patxi Bakallu ematen dek!». Orduan, pertsonaia horri istorio bat sortu nion, itsas gizon horren abenturak jaso ditut. Aspalditik datorren ideia da, Idazle Eskolan aritzen nintzenekoa. Beti izan dut arantza hori.
Ilustrazioak Iñaki G. Holgado oreretarrak egin ditu, ederra geratu da.
Fantasiazko euskarazko oso liburu gutxi daude.
Gaztea nintzenean horrelako liburu asko irakurtzen nituen, oso zalea nintzen. Baina adin batera heltzean gaztelaniazko edo ingelesezko liburuetara egin behar genuen salto. Hasi behar zinen El Hobbit edo Eraztunen jauna bezalakoak irakurtzen. Garai haietan ez zeuden euskaratuta gainera, film horien harira itzuli zituzten, orain dela 20 urte inguru. Fantasiazko literatura gehiena gaztelaniaz zegoen. Hemen idazten ziren liburuek kutsu historikoagoa zuten, ez ziren hain fantasiazkoak. Hutsune bat zegoela uste dut. DBHko adin horretan horrelako oso gutxi dituzte euskaraz irakurtzeko. Gainera, orain ikusita fantasia eta zientzia fikzioa izaten ari den boom-a, nolabait dragoi horren gainean jarri eta euskarari bultzadatxoa ematea izan da nire asmoa. Ni bezalako pertsona asko egon direlako gabezia hori izan dutenak, eta beste hizkuntza batera jo behar izan dugu, zoritxarrez. Pentsa. Haur edo nerabeei begirakoa bada ere, orain arte oihartzun gehiena nire adineko jendearen artean izan du. 40 urte ingurukoek gabezia hori izan genuelako akaso, baina baita haiek orain seme-alabak dituztelako ere.
Youtuberrak, kirolariak, musikariak, horrelako liburuetan oinarritutako film eta telesailak… Gazteek erreferente asko dituzte, baina gutxi bertakoak.
Zoritxarrez, halaxe da. Uste dut gaztetxoei interesgarri suertatzen zaizkien gauza asko ez direla euskaraz sortzen, eta sortzen badira ez dutela merezitako oihartzunik izaten, ez zaie espazio handirik ematen. Liburu honek, adibidez, buelta asko eman behar izan ditu argia ikusteko. Agian moldatu behar dira edukiak gazteen zaletasun horietara, aztertu behar dugu zer entzuten, ikusten eta irakurtzen duten, eta moldatu eduki horiek euskarara. Oso deigarria iruditzen zait Gau Beltzarekin pasatu dena, nola bertakotu dugun arrotza sentitzen genuen Halloween-eko festa hori. Halako hibrido bat egin dugu, kanpoko ospakizun bat hemengo ohitura zahar batekin uztartuz. Arrakasta izan du gainera, uste dut bidea hori dela. Esan beharrean, «ez, ez, hori kanpotarra da, hau ez da gure estiloa», bira eman diezaiokegu, gure egin. Techno taldeak hasi zirenean hemen gauza bera esaten zen, ez zela gure estiloa, eta hurrengo urtean Hernaniko festetan hori entzuten zen [barre egin du]. Zubi lan hori egin behar da, eraiki behar da.
Literaturan ere, erreferente euskaldunak behar dituzte gazteek?
Haurrentzako baino, haur izatetik nerabe izatera pasatzen zaren garai horretan bai falta direla erreferenteak literaturan. Nik beti gabezia hori sentitu dut. Kuriosoa egin zait. Askok esan didate liburu hau aitzindaria dela; ez dakit euskaraz sortu eta idatzi den lehenengo fantasiazko euskarazko eleberria ote den. Harritzekoa da hori. Agian izan daiteke amu bat euskara erakargarri egiteko gazteen artean, ez dezatela hain arrotz ikusi.
Euskaraldia datorren honetan, hitz egiteaz gainera, irakurtzeko une aproposa izan daiteke.
Zalantzarik gabe, etxean irakurtzen egoteko une ona ere bada. Baina uste dut urtean zehar jokabide horiek estrapolatzea beharrezkoa dela, ez dadila egun batzuetako jaia izan soilik. Amuak behar dituzte, gazteek eta helduek ere bai. Norbaitek euskaraz sortu behar badu, jaso ere euskaraz egin behar du. Gauzak aldatzen ari dira, zorionez. Aurki estreinatuko duten Irati filma horren adibide garbia da. Txikitako komiki batean oinarritu dira, eta sekulako itxura du. Horrelako lanek inpaktua dute, euskarari asko ematen diote.
Non eskura daiteke liburua?
Herriko dendetan eska daiteke, eta erosteko Elkar eta Errenteria-Oreretako Xenpelar Kultur Dendara jo daiteke jada, 16 euroan.