[Galeria] Euskaraldia pedalkadekin eta dantzekin irudikatu dute
Ostiralean hasi zen Euskaraldia, eta asteburuan bi ekitaldi egin dituzte Euskaraldia girotu eta ikusgarritasuna emateko asmoarekin.
Ostiralean hasi zen Euskaraldia. Paparrean janzten diren ahobizi edota belarriprestek ematen dioten ikusgarritasunaz gain, euskararen sustatzeko ariketa soziala irudikatzeko bi ekitaldi antolatu zituzten.
Atzo goizean, Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (OTXEk) bizikleta martxa antolatu zuen. Lartzabalgo anbulatoriotik abiatuta, hamabi kilometroko ibilbidea egin zuten, Arragua, Ugaldetxo, Altzibar, Karrika eta Ergoien auzoak gurutzatuz. Herriko plazan bukatu zuten, hamaiketako batekin.
Haurtzaro Dantza Taldeak, bestalde, kalejira egin zuen, trikitilari eta panderojoleek zein Lartaungo txistulariek girotuta. Herriko kaskoan zehar ibili ziren, eta plazan bukatu zuten girotze ekitaldia.
Bertan, Haurtzaroren dantzekin gozatzeko aukera edukitzeaz gain, Euskaraldirako prestatutako koreografia dantzatu zuten.
Hurrengo ekitaldiak abenduaren 3an izango dira. Bitartean, baita ondoren ere, euskaraz aritzera.
Euskaraldiari buruzko informazio guztia, gure orrialde berezian.