[Bideoa] "Indarkeria matxistak dituen hamaika formak" salatu dituzte herriko emakumeek
Eguraldiak ez ditu herriko emakumeak gelditu, eta dozenaka izan dira Oreretako Mugimendu Feministari erantzun diotenak. "Azaleko diskurtsoez nazkatuta" daudela oihukatu dute, ozen.
Euriak ez du gaurko aldarrikapen eguna zapuztu, dozenaka emakume bildu ditu Oreretako Mugimendu Feministak Zumardian. Elkarretaratzea egin dute, “indarkeria matxistak hartzen dituen hamaika formak salatzeko”. Nazkatuta daudela oihukatu dute, ozen.
Indarkeriak “bere horretan” jarraitzen duela esan dute lehenik, “egiturazko sistema oso bat duela atzean berau sostengatzeko eta justifikatzeko”. Emakumeen kontrako kontrol eta beldur mekanismoak “era masiboan” martxan jarri dituztela ere esan dute.
Gizonengan jarri dute “emakume izate hutsagatik jasaten dugun indarkeria guzti honen erantzukizuna eta ardura”. Azaleko diskurtsoez nazkatuta daude, eta praktika feministak behar direla aldarrikatu dute. “Urteak daramazkigu indarkeria horiei aurre egiteko antolatzen eta borrokatzen. Badakigu hori dela bidea, gure arteko sareak eraiki, elkar zaindu, borroka komunak martxan jarri, ardurak hartu, gizonak interpelatu eta sistema errotik aldatzeko bideak eraiki”, erantsi dute.
Azkenik nabarmendu nahi izan dute autodefentsa feminista dutela “lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta gure bizitzen defentsa eraikitzeko tresna eraginkorrena”. Antolatzen jarraitzeko asmoa adierazi du Oreretako Mugimendu Feministak, “espazio kolektiboak sortzeko, olatu feminista eragiten”.