Biktima izatearekin "nazkatu" direla ozen esan dute
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egin dute gaur. Hamaika herrialdetan pairatzen dela salatu dute, baita Oiartzunen bertan ere.
Oiartzungo Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsean, plazan. Indarkeria matxista salatzea izan da helburua.
Testua eta antzerkia uztartu dituen performance baten bitartez, indarkeria matxista mundu mailako arazo dela nabarmendu dute. Hori irudikatzeko lurbira-globo bat erabili dute. “Gure lurraldea ez da besteengandik bereizten”, esan dute. 2003tik Euskal Herrian 115 emakume eta 11 haur hil ditu indarkeria matxistak.
Zenbaki horiek errepasatuta, antzerki bidez eraso matxista bat irudikatu dute, ondorengo prozesu pertsonala eta emakumeen babesarekin ahalduntzea islatu ondoren. Karen Muñoz aktoreak gorpuztu du, modu gordin eta errealista batean, tratu txarren gurutze-bidea, bertaratu direnen barrena gogor astinduz. Kontzejupean zeuden emakume batzuk besarkatuta irudikatu du, bestalde, saretze eta babes hori [beheko bideoan ikus daiteke zati bat].
Iraitz Mateok idatzitako bertsoen bidez, hainbat galderari erantzun nahi izan diote: “Zer da erasotzaile izatea? Noiz kentzen da biktima izatearen etiketa? Erasotzailea noiz bihurtzen da erasotzaile? Zergatik erasotzen du erasotzaileak?” [beheko bigarren bideoan entzun daiteke bertsoetako bat].
Erasoak, “gune seguruetan” ere bai
Euskal Herrian emakumeak bere dituzten guneak dituztela azpimarratu dute, nahiz eta toki horietan erasoak egoten diren. Iaztik %15 da kopurua, baina ifrentzuaren berri ere eman dute: “Salatutako kasuak %20 besterik ez dira”.
Gune —ustez— erosoetan emandako erasoen adibide gisa, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuko pasarte bat irakurri dute, bertsolaritza munduan eraso egin dioten emakume baten testigantza gogor bat lau haizetara zabalduz.
Lisipe bildumako liburuko pasartea irakurrita, datuak eman dituzte. Oiartzunen kasuan, 25 izan dira salatutako eraso sexistak, eta beste 24 gizonek dituzte urruntze-aginduak. Aste osoan ikusarazi dute datu hori, plazan jarritako aulkiekin.
Biktimak zein erasotzaileak herrian daudela nabarmendu dute. “Badirudi denok ezagutzen dugula erasoa jasan duen emakume bat, laguna, kuadrillakoa, familiakoa, lankidea dugulako. Baina zenbatek ezagutzen dugu erasotzaile bat? Ez al daude ba gure lagunartean, kuadrillan, familian edo lanean?”.
Erasoak ekiditea “eguneroko keinuetan” egin daitekeela azaldu du mugimendu feministak, kasu “bortitzenetara” joan gabe. Keinu horiek zerrendatu dituzte: “Emakumea barregarri uzten duen txistea moztu; itxura fisikoari buruzko epaiak isildu; rol tradizionaletatik ateratzen diren emakumeen inguruko komentarioak zalantzan jarri; lanean ardura banaketa orekatuak bilatu; kalean emakumeak ez beldurra eragin; ez kontrolatu zure bikotekidea; ez iraindu zure ama; ez estereotipatu zure alaba; ez ukitu tabernako neska baimenik gabe; ez gutxietsi emakumezko kirol-laguna; ez bortxatu zure auzokidea…”.
Horregatik guztiagatik, adierazi dute “nekatu” direla biktima izateaz. “Nazkatu gara bizirauteko estrategiak bilatzeaz, ez dugu beldurrez jarraitzeko asmorik eta argi-fokua aldatzeko hautua hartu dugu. Arazoa ez dugu guk”.
Iragarri dute saretzen, autodefentsa feministan sakontzen, boteretzen eta indartzen jarraituko dutela. “Badakigu gure ahalduntzeak beste batzuen desboteretzea dakarrela. Hori hala izanik, unea da desboteretzea lantzeko, maskulinitate ereduak aldatzeko, gizon izatea zer den berreraikitzeko”.
Oiartzungo mugimendu feministak esan du bere bidean “tinko” jarraituko duela, hiru motiborengatik: “Emakumeon bizitzek balio dutelako, borrokan bizi garelako eta etorkizuna feminista izango dela amestu dugulako”.