[Erreportajea] Kaiolatik ihes egitera
Urruntze agindua duten herriko emakumeen egoera ikustarazteko ekintza berezia egin du Oiartzungo Feministen Asanbladak. 24 aulkirekin herriko kasuen atzean dauden errealitateak islatu dituzte.
Oiartzunen 24 emakume dira euren erasotzailearen kontrako urruntze agindua dutenak. Asko dira, «gehiegi», Oiartzungo Feministen Asanbladako kideen ahotan. Maiz itzalean eta isilean pairatu behar izaten duten egoera horiek ikustaraztea erabaki dute herriko feministek aldarrikapen egun honetan. Horregatik, ekintza berezi batek hartu du Done Eztebe plaza.
Ez gara zuen kaioletan biziko. Saretuz garaitezinak gara izan da aukeratu duten leloa, asanbladako kide Uxue Barrenetxeak azaldu duen bezala, zerikusi zuzena baitu egunotan egin duten ekintzarekin. «Bilgune Feministak justizia eta indar polizialei buruz egin duen hausnarketa hori gure herrira ekarri dugu, herrian dagoen problematika honi erreferentzia egiteko. Kaiolak jartzen dizkigute justiziak, harreman toxikoek, egunero dauzkagun eraso mota guztiek… Kaiola hori irudikatzeko ekintza izan da», esan du Barrenetxeak.
Bada, kaiola horiek 24 eserleku hutsekin irudikatu dituzte, Done Eztebe Plazan jarri dituzte, urruntze agindua duten emakume bakoitzeko bat. Aulki bakoitzak esaldi bat darama, askotariko mezu eta aldarrikapenekin: eraso mota guztiak bistaratzeko testuak, egunerokotasuneko erasoetatik hasi eta urruntze aginduetara iristen direnen erasoak, erasoen kopuruak… Hainbat egunez hutsik egon ondoren, arropa zein beste hainbat elementu jarri zizkieten astelehenean, Barrenetxearen hitzetan, kasu horiek «pertsonifikatzeko» asmoz.
«Zifra beldurgarria»
Oiartzungo urruntze agindu datuekin kezkati agertu da mugimendu feministako kidea: «Zifra benetan beldurgarria da». Eta datuek berresten duten bezala, urtetik urtera herrian ere «salaketak goraka» doazela dio, arduratuta: «Kasu gehiegi dira». Justizia feminista aldarrikatzeko beharraz ere aritu da oiartzuarra: «Jasaten dugun beldurraren eta kontrolaren aurrean».
Urruntze aginduetatik harago, «eraso gehiago» daudela gogorarazi nahi izan du Barrenetxeak. Erasoei ematen zaien erantzunean ere fokua jarriko dute gaurko mobilizazioan, «emakumeen saretze horretan» eta «emakumeak babesteari» garrantzia handia eman baitiote.
Konplizeei mezua
Egunerokotasunean emakume horiek jasan behar izaten duten injustizia salatzeaz gainera, gogoeta egiteko ere probestu nahi izan dituzte egun hauek. Antiju Morik-ek lehen gogoeta eta hausnarketarako egiten zituen ekintzetako bat berreskuratu dute Hatzamarka neska gazteen taldekoek. Ispilu bat jarri dute plazan, Eta zu inoiz izan zara erasotzaile? galdera idatzita duena.
Hainbat mezuk inguratzen dute ispilu hori, emakumeek egunerokotasunean jasaten dituzten eraso mota asko jaso dituzte horietan. «Barneratu ditugun jarrerak dira, askotan erasoetan konplize garelako. Azaroak 25 honetan bakoitzak zein rol izan behar duen eta nola jokatu behar duen ere pentsarazteko ekintza da. Horiek onartuta edo erreakziorik gabe uzten badira, konplize gara». Zentzu horretan Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako aldarrikapenetako bat ere egin izan du Barrenetxeak: gizonezkoek dagokien ardura har dezatela eskatuko diete gaurkoan, «azaleko diskurtsoek» balio ez dutela iritzita.
Horregatik guztiagatik gaur –ere bai– kaleak aldarrikapenez eta oihuz betetzeko beharra nabarmendu du. Oiartzuarrak Done Eztebe plaza betetzera deitu ditu. «Egun hau ospatu beharra arrazoia nahikoa da kaleak hartzeko. Egoera basatia da, datuak izugarriak dira. Euskal Herrian 115 emakume hil dituzte 2003tik», gogorarazi du. «Hau salatzeko kalera atera behar gara, baina baita ere herriko emakumeak ahalduntzeko. Elkar babesa dugula ikusteko, eta gure artean babesteko aukera ona da gaurkoa», gaineratu du. 19:00etan bilduko dira, udaletxe parean.
Gaurko egunari begira deialdi berezia egin diete mugimendu feministaren berri ez duten Oiartzungo emakumeei. Haiekin harremanetan jartzera gonbidatu dituzte: «Horretarako gaude, emakume oro entzuteko, eta beharra badute, artatzeko eta babesteko. Sare handi bat gara. Orain arte lan hori egin dugu eta horretan jarraitu nahi dugu. Ikus dezatela ez daudela bakarrik».