"Guztiok indartsuago indarkeriarik gabe"
Udalean ordezkaritza duten taldeek testu bat adostu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako.
Gaurko Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten taldeek irakurketa bat adostu dute, ‘Guztiok indartsuago indarkeriarik gabe’ titulupean. Ondorengo lerroetan irakur daiteke testua, hitzez hitz:
2022ko azaroaren 25 honetan gogora ekarri nahi dugu emakumeek, emakume izate soilagatik, askotariko indarkeriak pairatzen dituztela eguneroko bizitzan, eremu pribatu zein publikoan. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, genero-desberdintasunen adierazpen larriena, botere-harreman desberdinetan eta emakumeen aurkako bereizkerian oinarritzen dena. Egiturazko arazoa da, jendartearen kapa eta eskala guztietan ematen dena eta, zentzu horretan, instituziooi arduraz jokatzea eta normalizatutako errealitate hau iraultzeko neurriak hartzea dagokigu.
Aurtengoa, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.
Indarkeriarik gabe guztiok indartsuago garela aldarrikatu nahi dugu, beraz. Aske bizitzeko eskubidea lehen lerrora ekarri eta Errenteriako neska gazteen eta emakume ororen bizi baldintzak duintzeko ahalegina egin.
Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak:
Genero-indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde duen konpromiso irmoa berresten du, edozein motatako indarkeria matxistari aurre egin eta genero-indarkeria ukatzen duen edo erabat desagerrarazteko politika publikoak baztertzen dituen edozein diskurtso ukatzaile eta jarrera politikori aurre eginaz.
2023ko berdintasun-aurrekontua handitzeko konpromisoa hartzen du.
Errenteriako III. Berdintasun planean “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” ardatzean onartutako ekintza plana garatzeko konpromisoa hartzen du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.
Indarkeria matxistaren biktima diren adingabeak babesteko eta esku hartzeko prozesuak hobetzeko konpromisoa hartzen du, ikuspegi feminista duen sektore arteko abordatze integral eta holistikotik.
Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du; ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako erreferentziazko gune izaten jarrai dezan.
Udaleko langileen prestakuntza feministaren sustapenarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz .
Indarkeria gaietan eskumenak dituzten erakunde ezberdinen arteko lankidetza sustatzeko konpromisoa hartzen du, lehentasunez instituzio-arteko protokoloa sinatzeko saiakerekin jarraituz.
Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen du, Emakunde eta foru aldundiekin besteak beste; baita gizarte-taldeekin eta erakunde feministekin ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.
Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen du.
Mugimendu feministak azaroaren 25ean bertan deitutako mobilizazioekin bat egin eta parte hartzeko deia luzatzen die herritarrei.