Adingabeek Interneterako sarbidea izan dezaten laguntza gehiago emango ditu udalak
Laguntza osagarri bat emango diete herriko familiei, "ikasleek ikasturtea bermeekin eta normaltasunez jarraitu ahal dezaten". Ikastetxeak jarriko dira harremanetan ikasleekin.
Herriko adingabeek Interneterako sarbidearen bidez hezkuntzarako eskubidea bermatua izan dezaten Gizarte Larrialdietarako Laguntzen osagarri bat aurkeztu dute gaur Aizpea Otaegi alkateak eta Eñaut Gracia zinegotziak. Laguntza lerro berri bat ireki dutela azaldu dute, “eskola adinean dauden adingabeak dituzten familia kalteberenek Interneterako sarbidea bermatuta izan dezaten, ikasleek ikasturtea bermeekin eta normaltasunez jarraitu ahal izateko”.
Otaegik gogorarazi duenez, pandemia garaian udalak 100 SIM txartel eta 40 ordenagailu eramangarri banatu zituen udalak herritarren artean, “adingabeak bere kargura zituzten familia ahulenen hezkuntzarako eskubidea bermatzeko” asmoz. Orain, osagarri honekin, “beste urrats” bat emango dutela adierazi du alkatea.
Hala, laguntza horiek 6 eta 16 urte bitarteko adingabeak dituzten eta Diru sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten familiek jaso ahal izango dituzte. Laguntzak atzeraeraginez emango dira ,pasa den irailetik hasita, hau da, ikasturtea hasi zenetik.
Laguntzen xehetasunak eta informazioa ikastetxeek jakinaraziko diete ikasleei, eta baldintzak betetzen dituztenak udalarekin harremanetan jarri ahalko dira orduan.
Bikaintasunari aitortza
Alkateak gaurko agerraldia probestu du herriak jaso berri duen bikaintasunaren aitortzaz aritzeko. Gizarte Zerbitzuetan egindako inbertsioagatik aitortu dute udal erakundea, beste urte batez, kohesio eta justizia sozialean gehien inbertitzen duten Espainiako Estatuko 20.000 biztanletik gorako hirien artean baitago, eta lehenengoa da Gipuzkoa osoan.
Ondorengo irizpideak hartzen dituzte kontuan aitortza hau egiteko: nahikotasun ekonomikoa (Gizarte Zerbitzuetan eta Gizarte Sustapenean egindako gastu likidatua urtean 100 euro baino handiagoa izatea biztanleko eta urteko); hazkunde ekonomikoa (gastuaren 2022ko aurrekontua ez izatea MHFPri aurkeztutako 2021eko likidazioa baino baxuagoa); Inbertsio ahalegina (20211 likidatutako gizarte gastua udalak 2021ean likidatutako guztizko aurrekontu ez finantzarioaren %1 izatea, gutxienez); eta gardentasun finantzarioa.
Gaurko agerraldian alkateak erantsi du azterlan honek berretsi eta baliozkotu egiten duela udalak “herritarrak bere jardueraren erdigunean jartzen dituen herria izateko egiten duen apustua”: Azkenik, esan du udala oso kontziente dela “ez dagoela kalitatezko herri proiekturik justizia sozialaren eta kohesioaren aldeko apusturik egiten ez bada”.