Herriko sei sortzailek Pop Up denda zabalduko dute
Gabon hauetan "pieza ikusgarriak eta tokiko sorkuntzakoak erosteko aukera bikaina" dela diote udaleko iturriek. Hilaren 19tik urtarrilaren 5era bitarte zabalduko dute, Maddalen kaleko 34 zenbakian.
Gabonetako erosketei begira herriko artisauek denda izango dute aurten ere, kalean bertan egoteko aukera emango diete, “herritarrengandik hurbilago” egoteko asmoz. Beren ekoizpena erakutsi, zer sortzen duten, nola egiten dituzten eta produkzio prozesua nolakoa den azaltzeko Pop Up denda irekiko dute. Hilaren 19tik urtarrilaren 5era bitarte zabalduko dute, Maddalen kaleko 34 zenbakian.
Gabon hauetan “pieza ikusgarriak eta tokiko sorkuntzakoak erosteko aukera bikaina” dela diote udaleko iturriek. Photocall bat ere jarriko dute dendan, eta tailerrak ere eskainiko dituztela aurreratu dute, “bertaratzen diren pertsonek artisau lanbideak ikasi eta eurek sortutako produktu bat eraman ahal izateko”.
Ondorengo sei sortzaileren bitxi, soineko, jostailu eta osagarriekin egingo dute topo herritarrek Pop Up dendan: Anne Gago moda diseinua, APh bitxien diseinua, Jaizki Bakaikoa moda diseinua, Kibo moda eraginkorraren diseinua, Marta Sensorial zentzumen jostailu didaktikoak eta Sai-Suo moda diseinua.
Abenduaren 19an inauguratuko dute denda, bertaratzeko gonbita luzatu diete errenteriarrei. Honako ordutegia izango du dendak: hilaren 19, 20, 22, 23, 24, 26, 27, 28, 29, 30 eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; abenduaren 21ean eta 31ean aldiz, 10:00etatik 13:00etara.