[Bideoa] Beldurrak akabatzeko, 'Beldurrarekin dantzan'
Ilargi lezoarrak 'Beldurrarekin dantzan' diskoa aurkeztu du gaur sorterrian. Haren bigarren lan luzea da: bihartik eskura daiteke.
Nork ez du beldurrik? Nola aurre egin beldurrari? Ilargi abeslari lezoarrak Beldurrarekin dantzan diskoa aurkeztu du gaur etxean, Lezon, Kultura Aretoan. Bihar zabalduko du jendartera. Zortzi abestiko lana da, 21 urteko lezoarraren bigarrena Killasisa-ren (2021) ondoren. “Txikitatik beldur asko izan ditut. Oso sentsiblea naiz. Pandemian, gainera, beldur sentsazioa ere izan dut. Askatzea izan da niretzat beldurra ardatz izanda sortu ditudan kantak, eta diskoa”, azaldu du gaurko aurkezpenean Ilargik.
Sarean jarriko du entzungai lezoarrak (sartu haren webgunera, hainbat bide daude diskoa entzuteko) Beldurrarekin dantzan bihartik. Aldi berean, disko fisikoa eskuratzeko aukera ere izango da: batetik, Durangoko Azokan; bestetik, Lezon abenduaren 16tik 23ra egingo den Liburu eta Disko Azokan, eta azkenik, Ilargiren sareetara idatzita diskoaren eskaera eginez.
Beldurra abiapuntua, disko berriko zortzi abestietan. Letrak harenak dira ia denak, bat kenduta Juan Ramon Makuso olerkari lezoarrarena delako. Izuak abiapuntua bai, baina abesti den-denek ez dute beldurra zuzenean ardatz. Sentimenduak bai, baina hainbat gizarte gai ere izan ditu sortzaileak letrak egiterakoan, “gizarte gaiak asko interesatzen zaizkit”, azaldu du. Arte eszenikoen munduan sexu jazarpena, tortura, gizarte dominazioa… horiek landu dituen gaietakoak. “Introspekzio lana izan da. Nire beldurrak zerrendatu, eta haiek sorrarazten zizkidaten irudien gaineko lanketa egin dut abestiak sortzeko. Pisua kendu dut. Askatzea lortu dut neurri batean. Nolabait, terapeutikoa izan da niretzat diskoko abestiak sortzea”. Abestiek dramatizazio karga dute, Ilargi Arte Dramatikoak ikasten ari baita, eta egoki iruditu zaio musika eta interpretazioa uztartzea. Oso nabarmena da hori diskoaren aurkezpen singlean, Beldurrarekin dantzan izenekoa.
Sortze prozesu horretan, laguntzaile oso esanguratsuak izan ditu Ilargik. Izan ere, lehen diskotik, jauzia eman baitu lezoarrak. Aurrera jauzia, sendoa. Killasisa-ko pop-rock estilotik, indie-pop-elektronikora bideratu du bere espresatzeko era, Pablo Novoaren laguntzarekin, eta grabazioan nahiz ekoizpenean Haritz Harreguyren babesarekin. Gainera, zuzenekoan bandarekin izango da: Mikel Zubiria bateria jotzailearekin, Manu Rufo teklistarekin, eta Manu Moro gitarristarekin lehen kontzertua abenduaren 9an du, Durangoko Azokan (12:10). Lezon urtarrilaren 29rako du programatua zuzenekoa.
Gaurko aurkezpenean, Beldurrarekin dantzan-en bertsio akustikoa plazaratu du Ilargik. Jarraian, bideoa.
Bihar banatuko den OARSO BIDASOKO HITZAren astekarian, Ilargiri egindako elkarrizketa argitaratuko da. Han xehetasun gehiago.