Xabier Leteren lirika osoa jaso dute
Igandean beteko dira hamabi urte Lete hil zela. Lourdes Otaegik eta Alex Gurrutxagak mila orrialde inguruko lana egin dute.
Datorren igandean beteko dira hamabi urte Xabier Lete hil zela, eta horren atarian, oiartzuarraren lirika osoa jasotzen duen lana osatu dute Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxagak.
Unibertsitate irakasle eta Leteren obran adituak dira, eta bost argitaletxeren elkarlanaren bitartez argitaratuko dute hiru liburukitan banatutako ia mila orrialdeko lana. Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta dira argitaletxeak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du edizioa, eta erakundearen ordezkari izan dira Markel Olano ahaldun nagusia eta Mari Jose Telleria Kultura diputatu berria.
Olanoren esanetan, Lete Euskal Herriak izan duen “erreferente artistiko eta humano” handienetakoa izan da. Bildumaren egileak zoriondu ditu, egindako lan “eskuzabal eta ederragatik”.
Xabier Mendiguren editoreak hartu du hitza bost argitaletxeen izenean, eta berak “mito” moduan deskribatu du oiartzuarra. “Giza bizitzaren korapiloak norbere larruan sentiarazteko gaitasun horrengatik, gai sakonenak hurbil egiteko dohain harrigarri horrengatik, bere karisma izugarri horrengatik, itsasargi baten distiraz egiten du argi gaurik ilunenean ere”, gaineratu du.
Hiru liburuki
Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegik lanari buruzko xehetasunak eman dituzte. Beraiek bildu, behar diren zuzenketak egin eta atondu dituzte.
Lehen liburukian agertzen da beraiek emandako azalpena. Otaegi eta Gurrutxagaren esanetan, publikoak Lete ezagutzen zuen kanta, bertso eta poema liburuengatik.
“Bada, hain zuzen, azaldu nahi genuen nola Leteren obra, ertz eta konplexutasun handiko bilakabide artistiko hori, estasi-une eta etsipen latzeko amildegietan osatu zen. Esplikatu beharra zegoen hori zerk eraginda gertatzen zen. Horretan saiatu gara”, esan dute.
Horrela banatu dituzte liburukiak:
- Lehenengo alean, lehen hiru liburuak bildu ditugu, 1968 eta 1981 artekoak. Hiru lan horietatik bik sariak jaso zituzten.
- Bigarrenean, azken hiru liburuak: 1990 eta 2008 artekoak. Eta hor ere hainbat sari izan ziren; bereziki, Euskadi saria, Egunsentiaren esku izoztuak liburuarekin.
- Hirugarren aleak dakartza irakurle gehienentzat nobedade gehien: han eta hemen agertutako abestiez eta poema solteez gain, argitaragabeko bi poema-sail eta beste hainbat abesti eta itzulpen ere bai baititu.
Bi argitaragabeko
Bilduman jaso dute Leteren argitaragabeko bi lan. Bat, Arrastoa eta itzala izeneko poema-sail bat, portada eta guzti, 1968koa.
Bestea, Itsaso eragotziaren kanta gogoetatsuak izenekoa. Bi ohar eman dituzte egileek: “1976 ingurukoa da eta itsasoaren metaforaren bidez, garaiko kezka kultural, sozio-politiko eta ekologikoen ardura adierazten du”.
Egileen esanetan, poema horiek bildu dituen hirugarren liburukiak “harrera ona” izango du irakurleen artean.
Jon Martin Etxebeste bertan izan da, eta adierazpen batzuk bideoan jaso eta Twitterrera igo ditu.
Xabier Leteren poema guztiak bildu eta argitaratu dituzte. Gaur izan da aurkezpen prentsaurrekoa. pic.twitter.com/mJtErWMCAc
— Jon Martin Etxebeste (@JonMartwit) December 1, 2022