Arrietako ur deposituan eguzki plakak jarri ditu udalak
Ekoitzitako eguzki energiaren bitartez, udalak hainbat eraikin hornituko dio. 187 eguzki-panel jarri dituzte. 86.000 euroko aurrekontua izan du proiektuak.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, Arrietako ur deposituan 187 plaka fotovoltaiko jarri dituzte, 85,1 kWp-ko gaitasunarekin. 406 metro koadroko espazioan 187 panel jarri dituzte.
Azaldu dutenez, helburua energia trantsizioan aurrerapausoak ematea da, eta sortutako energia hori berriztagarri izatea.
Arrietako deposituaren estalkian sortuko den energia bertatik 500 metrora dauden udal eraikinetan erabiliko da: ur deposituan bertan, udaletxean, Fermiñene etxean, aparkalekuetan, Elizalde eskolan…
Udalaren kalkuluen arabera, eguzki plaka horiek urtean 85.870 kWh sortuko dituzte, eraikin horietan kontsumitzen den energiaren %8 inguru. Honi esker, udalak 21 tona CO2 isurtzeari utziko diola esan du.
2013an hasitako bidea
“Krisi energetiko eta klimatiko honi aurre egiteko, energia estrategia bat martxan jarri zuen”, gogorarazi dute. 2013an eraikin eta kaletako argiteriaren argindar kontsumoa neurtzen hasi zen.
Ordutik, hainbat neurri hartu dituzte: nstalakuntza guztiak modu zentralizatuan monitorizatu eta kontsumoen jarraipena egin, LED lanparak jarri, orduaren eta eguraldiaren arabera kale argiteriaren argitasuna kontrolatu, eraikinetan termostatoak eta presentzia detektagailuak jarri…
Hori guztiari esker, azken lau urteetan energia kontsumoa %18 jaitsi da. 2018an 2.043.998 kWh-koa izan zen. 2021ean aldiz, udal instalakuntza berri gehiago dauden arren (Arizmendienea etxea, Karrikako bidegorria, Iturriotz eta Altzibarko aparkaleku berriak, Lintziringo argiteria berria, Arraguako igogailua…), kontsumoa txikiagoa izan zen: 1.787.790 kWh.
Inbertsio gehiago
Energia berriztagarrien arloan zein kontsumoa murrizteko ahaleginean, egitasmo gehiago dituzte eskuartean. Datorren urtean 312.150 euro bideratuko dituzte horretara.
Besteak beste, Elorsoro kiroldegian ere 100 kWp-ko instalakuntza fotovoltaikoa egin eta auto elektriko berri bat ere erosiko dute.
“Egitasmo hauekin guztiekin energia subiranotasunaren pausoak eman nahi ditu”, esan dute, “kontsumoa murriztuaz eta energia lortzeko eredu berriztagarriak erabiliaz”.