[Erreportajea] Eztena eszenaratzeko ahaleginean
Orain dela hiru urte sortu zen Ziztaka, Irunen euskara eta kultura ardatz izango dituen kafe antzoki bat eraikitzeko asmoz. Tarte horretan guztian, helburua egikaritzeko bidean aurrerapausoak eman dituztela nabarmendu dute Andoni eta Iker Eizagirre Zufiaurrek.
Udako etenaldiaren ondoren, udazkena garai aproposa izan ohi da ordura arte egindakoei erreparatu eta etorriko direnei begira jartzeko, eta halaxe egin dute Irungo Ziztakan. Ikasturtea hasteko, V. Foro Irekia antolatu zuen Ziztakak pasa den azaroaren 18an. Bertan hartzen dira proiektuari lotutako erabaki garrantzitsuenak, eta une egokia da mugimenduaren giharra zertan den ikusteko.
Andoni eta Iker Eizagirre Zufiaurre, anaiak izateaz gain, Ziztakako kide ere badira. Andonik nabarmendu du pasa den ikasturteko balorazio positiboa egin duela taldeak: «Aurreko ikasturtean erronka handiak hartu genituen, eta horiei ahal izan genuen guztia eutsi genien». Izan ere, pixkanaka-pixkanaka taldea murrizten joan zen, «dinamismoa galtzen joan zen» Ikerren esanetan, hasieran planteatu zuten lan karga hamar pertsonatik gorako lantalde baten artean banatzekoa izan arren, azkenean askoz gutxiagoren esku geratu zen. Horrek, nahitaez, albo kalteak ekarri dizkiela aitortu du Andonik: «Helburu ia-ia guztiak lortu genituen, eta horrekin oso kontent gaude, baina sentsazio gazi-gozoarekin. Guztiek edo gehienek «erreta» bukatu zutela onartu du, eta aurtengo ikasturteko plangintza egiterako garaian ere nabaritu dela erredura hori.
Lan karga handi hori, hein handi batean, antolatu zituzten ekintza andanagatik izan zuten. Bi adar nagusi zituen iazko plangintzak. Alde batetik, kafe antzokiaren aldeko babes sarea trinkotu eta handitzeari begira, kalean ipini zuten fokua, eta bost iniziatiba prestatu zituzten. Horietatik lau arte diziplina banari eskaini zizkieten: gorputza, soinua, literatura eta hitza.
Azken egitasmoa, bestalde, ohitura bihurtu nahi duten Ziztaka Eguna izan zen, ikasturtea bukatzeko. Andoni: «Lehenengo urtean antolatu genuen eta sekulakoa izan zen. Gainera, pandemia garaian zaila zen horrelako gauzak antolatzea, eta sekulako arrakasta izan zen. Aurten, familia giroan egin genuen, oso egun polita izan zen». Bost iniziatibak nahiko erronka potoloak izan baziren ere, antolaketa egokia izan zela uste dute, baina irismen handiagoa eduki ez izanaren pena dute: «Gisa horretako ekitaldiak gutxitan antolatzen dira Irunen, eta jende gehiagok parte hartzea nahi genuen».
Bestetik, bigarren adarrak politikariekin hartu-emanak hastea zuen oinarri. Alderdi guztiekin bildu ziren, eta, haiekin egindako lehen bilera errondan, guztiak ados zeuden esatean Irunen horrelako zerbait sortzea beharrezkoa dela: «Irunek dituen kultur ekipamenduekin, 60.000 biztanleko hiri bat izanda, kulturalki eta euskaraz oso larri dabil, eta horrelako egitasmo batek egoera aldatzen lagunduko luke. Alde horretatik ez da inongo eragozpenik egon». Horrekin ez da nahikoa, ordea: «Kontua da hori egikaritzeko zein mailako apustua egiteko prest dauden, zein mailatan jar daitezkeen guztiak ados, ez hainbeste alderdien arteko zerbait izateko, baizik eta udalaren lehentasun moduan planteatu eta aurrera eramateko». Andoniren esanetan, hori litzateke «zentzuzkoena».
Kontuak kontu, datorren urteko maiatzean udal eta foru hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, alderdiren batek proiektua bere lehentasunen artean jar dezakeela uste du Ikerrek, «baina hori alderdi bakoitzaren erabakia da». Horren aldeko konpromisoa erakustea positibotzat daukate; baina, hala ere, haiekin jada harremana egin dutenez, alderdiek programetan zerbait jartzekotan, Ziztakak landu duen gisako proiektu bat jarri beharko luketela dio Ikerrek, «kafe antzokiaz arituko badira behinik behin».
Oinarrien gainekoak
Hain zuzen, hiru dira Ziztakak landu duen proiektuan guneak barnebiltzen dituen oinarriak: euskara izango da proiektuaren ardatza; espazio bat eduki behar du, ez da programa edo dinamika jakin batzuen sorrera; eta kudeaketa publiko-herritarra izango da. Iker: «Oro har, denek ikusten zituzten ondo lehen bi puntuak, baina hirugarrengo horretan denek zituzten beraien zalantzak».
Izan ere, Andonik onartu du gauza berria litzatekeela hori, ekipamendu publikoa herri ekimen dinamiko batek kudeatzearena, eta gauza berriekin beti sortzen direla harridura eta zalantzak. Ziztakatik, ordea, argi dute espazioa euskararekin edota kulturarekin lotura duten hainbat elkartek elkarlanean kudeatuta kulturgintza saretzeko tresna oso baliagarria izan daitekeela, eta gisa horretara herriko elkarteek atxikimendu handiagoa izan dezaketela bertan antolatuko liratekeen ekintzetara.
Euskal Herrian badira antzera funtzionatzen duten proiektuak; horien artean, Azpeitiko San Agustin Kulturgunea dute begiz jota Ziztakakoek. «Ikusi dugu orain arte egin diren horrelako proiektuek arrakasta izan dutela, eta hemen ere arrakasta izango luke. Gure aldetik, zentzu horretan ez dugu zalantzarik, eta gainera, haiek ere komentatu digute Irunen horrelako zerbait egitea oso bideragarria eta interesgarria izango litzatekeela». Hala ere, Ikerrek azaldu du alderdiak ez direla «itxi» proposamena entzundakoan, eta harridurak harridura eta zalantzak zalantza, lehenengo bi oinarriekin ados egonda aurrera egitea erabaki zuten.
Dena den, alderdi politikoekin ez ezik, erronka Irungo Udalarekin berarekin ere harremanak hastea zen, «udaletxeak gure aldarrikapena lehentasunezko proiektutzat hartzea, alegia». Zentzu horretan, Kultura zinegotziarekin bildu ziren, Juncal Eizagirrerekin. PSE-EEkoa izan arren, Ikerrek bereizi egin du hori alderdien errondatik: «Hor jada ez ginen ari hainbeste alderdiarekin, baizik eta udaleko kultura arloko lehentasunezko proiektu baten gaineko konpromiso bat lortzeari begira». Planteamendu argia eraman zuten bilera horretara: proiektua garatzeko mahai bat osatzea. Andoni: «Gure aldetik teknikariak eramanez, eta beraien aldetik gauza bera eginez, proiektua garatzeko biderik onena zein izan daitekeen aztertuko da mahaian». Hortaz, kultur teknikariaz gain, euskara edota hirigintza teknikariek ere lekua behar lukete mahai horren bueltan. Udalak ere begi onez ikusi zuen helarazitako proposamena, eta mahai hori osatzeko baiezkoa jaso zuten, ñabardurekin bada ere. Izan ere, erritmoa mantsotu egin da geroztik: «Haiengandik modu batean baietza jaso genuen, baina gero hori ixterako garaian zailtasunak egon ziren, komunikazioa moteldu zen, eta azkenean ikasturtea bukatu genuen mahai hori osatu gabe. Oraindik ere horretan gaude».
Introspekzioa, aurrera egiteko
Hainbat faktorek eragina izan dute moteltze horretan. Ikasturtea luze egin zitzaien Ziztakako kideei, eta erredura horrek mugimendua apaltzea ekarri du. Gauzak horrela, une honetan mahai horri heltzea ez dago lehentasunen artean, Ikerren esanetan: «Berez, ahozko konpromisoa genuen mahai hori martxan jartzeko, baina gero jaiak etorri ziren, komunikazioa eten egin zen, mahai hori ez zen martxan jarri, eta gero denborak eragin du taldea pixka bat ahul edukitzea, eta guk ere momentu honetan gaitasunik ez edukitzea mahai horri heltzeko, erronka potoloa baitzen».
Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, udalak bere momentuan hartutako konpromisoari helduko balio eta mahai hori martxan jartzeko deituko balitu, joango ez liratekeenik, baina une honetan udala «utzikeriaz» jokatzen ari dela ikusirik, ez diote proposamen berri bat luzatuko.
Ziztakak egun duen egoera naturaltasunez bizi dute. Mugimendu gaztea izanagatik, helburu sendo eta argi batekin jaio zen: Irunen euskara eta euskal kultura ardatz izango dituen espazio bat eraikitzea. Horretarako, kafe antzoki baten beharra ikusten dute, baina ideia horrekin egitasmoa sortu aurretik zebiltzan bueltaka, duela bost urtetik, gutxi gorabehera.
Beraz, Ikerrek aipatu du jakin bazekitela bide luzea zutela aurretik, eta lantaldean ere belaunaldi edota lidergo aldaketak egongo zirela: «Hasi ginenean, nik uste dut nahiko argi genuela proiektua hasiko zuten pertsonak eta amaieraraino eramango zutenak ez zirela pertsona berak izango». Ildo horri jarraituz, eta «inflexio puntu hori» iritsiko zela jakitun baziren ere, zailtasunak izaten ari dira hemendik aurrerako bide-orria xehatzerako garaian: «Behin lehenengo erronkak beteta, datozenak handiagoak izan ohi dira, eta datozen erronka horiei heltzeko taldea indartu behar da, eta kasu honetan ez zaigu hori pasa».
Egoera horren aurrean, hortaz, Andonik dio aurtengorako «proposamen xumeago bat» lantzea erabaki dutela. Iraganari begira diagnostiko bat egin asmo dute, «nondik gatozen eta nora joan nahi dugun» ikusteko: «Ez da introspekzio bat bakarrik, baina bai ikustea nondik gatozen. Ez bakarrik gu, baizik eta baita Irunen egon diren euskara eta kultur taldeak zein ibilbide izan duten eta nola bukatu duten ikustea ere».
Izan ere, patroi bat identifikatu dute: talde asko sortu bai, baina ez dutela ibil- bide luzerik egiten, izan erantzun ezagatik edo proiektura nahi beste jende ez atxikitzeagatik. Horrez gain, antzeko proiektuak sakonago aztertuko dituzte, eta aurrera begira jarri beharreko helburuak planteatu eta horietara iristeko tresnarik egokienak izan daitezkeenak adostu. Horiek aurrera eramateko, Ka Ki Ku (Kafe Antzokia, Kikara eta Kultura) izeneko formatua sortu dute, gai horiei zabal eta lasai heltzeko asmoz. Andoni: «Oraindik ez dugu guztiz itxi, baina izan daiteke taberna batean, kafetegi batean edo kalean bertan, gai horiek planteatu eta, dinamizatzaile batzuk bideratuta, baina batez ere hitz egingo luketenak hurbiltzen direnak izango lirateke». Beraz, bertara jendea gonbidatu, gaiak mahai gainean jarri eta proiektura atxiki diren edo bat egin nahi dutenen artean elkarrizketa horiek sortu nahi dituzte, gerora bertatik ondorioak atera ahal izateko.
Bestalde, Ziztaka Eguna ere antolatzeko asmoa dute, «ezin dugulako urte bat pasa kalean horrelako presentziarik eduki gabe». Udalarekin irekitako harremana ondo ixtea izango da beste hel- burua. «Kasu honetan litzateke berriro alderdi guztietako udal ordezkariekin egotea, Kultura zinegotziarekin biltzea, eta beraiekin egindako harreman errondaz balantze bat egitea. Batzar horietan, gure egoera zein den kontatzea, guk etorkizuna nola ikusten dugun, eta guretzako alderdien ikuspegitik zer litzatekeen zentzuzkoa egitea partekatuko genuke; baina, ikasturte honetan, behintzat, lankidetzak hor etengo ditugu, hurrengo ikasturteari begira gehiago indartuko bagara, harreman horiek berrartzeko esperantzaz».
Izan ere, horixe dute ikasturterako helburu nagusia: jendea proiektura atxikitzea, indar nahikoa sortzea, hurrengo ikasturtetik aurrera etorriko diren erronkei behar besteko giharrarekin heldu ahal izateko.