[Erreportajea] "Galdutakoa berreskuratzeko" borrokari eutsiko diote
Movistar-entzako mantenu eta instalazio lanak egiten dituzten eskualdeko langileek greba mugagabearekin jarraitzen dute. Garai bateko eskubide berberak exijitzen dituzte, «oinarrizkoak».
Gaurkoa berrogeigarren greba eguna izango dute Cotronic enpresako langileek. Movistar-ek azpikontratutako enpresa horretako langileek greba mugagabea hasi zuen joan den urriaren 24an, «galdutako eskubideak berreskuratzeko» asmoz. Oarsoaldeko langileek bat egin dute greba horrekin, tartean, Julio Guemes oreretarrak eta Koldo Rebollar lezoarrak.
Movistarren fibra optikoa jarri, konpondu edota mantenu lanak egiten dituzte biek, etxez etxe ibiltzen dira. Azkenaldian enpresak euren eskubideak urratu dituela esan dute, eta egoerarekin nazkatuta, greba hasi dutela azaldu diote Hitza-ri. Arrazoia, honakoa: orain arte larunbatean lan egiteagatik diru gehigarri bat jasotzen zutela, eta orain, ordea, ez dietela hori ordaindu nahi. «Lehen asteburuetan guardia egiten genuen, kobratuta. Eta orain ez dizkigute larunbatak ordaindu nahi. Aspaldian utzi zioten hori ordaintzeari, horregatik erabaki dugu lanik ez egitea», esan du Guemesek. Egoera «bidegabea eta prekarioa» dela erantsi du: «Urtero milioiak irabazten dituen enpresa batek ezin ditu langileak baldintza hauekin izan».
Aldaketa hori ez da borrokarako duten arrazoi bakarra. Dietetan ere murrizketa sumatu dute langileek. «Lana non egiten dugun arabera, dietak ordaintzen dizkigute edo ez. Asko mugitzen gara egunero, eta legea betetzea eskatzen dugu, besterik ez», erantsi du Rebollarrek.
Larunbaten eta dieten aferari erantzuna eman arte tinko jarraituko dute borrokan langileek, argi dute hori. «Murrizketa gehiago etorriko direla uste dugu. Galdutakoa berreskuratu arte jarraituko dugu», erantsi du Guemesek. Greba mugagabe horretarako ELA sindikatuaren babesa jaso dute langileek.
Eskaera
Hamasei langile batu dira grebara, eta azken asteotan ez dute zerbitzurik eman eskualdean. Jakitun dira egoerak eragin ditzakeen kalteekin. Horregatik, bezeroei, Movistarrera deitu beharrean, Cotronic enpresara deitzeko eskatu diete grebalariek. «Bezeroak dira kaltetuenak. Gure itxaropena hori da, bezeroek presiona dezatela egoera aldatzeko. Jendea ja hasi da kexatzen. Aldarrikatzen duguna oinarrizkoa da».