Garraioan %50eko hobaria aplikatzen jarraitzeko botoa emango du Oiartzunek
Hilaren 16an Gipuzkoako Garraio Agintaritza elkartuko da. Bozketan hobariaren alde emango dute botoa, Errenteria. Hernani eta Oñatirekin batera.
Hilaren 16an Gipuzkoako Garraio Agintaritza bilduko da, datorren urterako neurriak hartzeko. Horietako neurrietako bat izango da garraio publikoan %50eko hobaria mantentzea.
Oiartzungo Udalak adierazi duenez, hobari hori mantentzearen aldeko botoa emango du. Errenteria-Orereta, Hernani eta Oñatiko alkateek duten ordezkaritzak ere horren alde egingo du, “herritarren mesedetan”.
Udal horiek prezioa erdira jaisten duen neurri horren aldeko “posizio argia” dutela berretsi dute. “Bide eta hobari hauen aurkako edozein neurri edo ekimen hartzea, herritarren eguneroko beharrei bizkar ematea dela uste dugu”.
Erabilera sustatu
Jexux Leonet Oiartzungo alkateak azaldu duenez, “krisi larria” bizi den garaian, garraio publikoa da herritar askok erabiltzen duten mugitzeko modua. “Bizi dugun krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, erakunde publikook garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu eta horrenbestez, hobarien alde egingo dugu”, esan du.
Gaineratu duenez, udalarentzat “estrategikoa” da eredu energetiko jasangarri baten alde egitea. “Urte asko goaz bide horretan lanean Udalean: energia kontsumoa gutxitzeko neurriak hartu ditugu, herri barruko garraio publikoa indartu dugu, duela egun gutxi eguzki plaken instalakuntza martxan jarri dugu…”.
Bere botoarekin 2023 urte osoan Mugi txartelarekin egindako bidaietan %50eko beherapena aurrera ateratzea espero du Leonetek.