Arraitoki eremua portuak udalari emango diola ziurtatu du alkateak
Jesus Mari Martiarena asebete agertu da "doako kontzesioa lortuko dugulako". Aparkatzetik haratagoko erabilera eman nahi dio eledunak guneari.
Lezoko alkate Jesus Mari Martiarenak ziurtatu du Pasaiako Portu Agintaritzak Arraitoki lur eremua doan emango diola Lezoko Udalari “laster”. Egun aparkatzeko erabiltzen den guneari erabilera zabalagoa emateko nahia adierazi du eledunak.
Urteak dira Lezoko Udaleko mahaiaren gainean dagoela Arraitokiren kontzesioa. Iazko apirilaren bukaeran, eremua Espainiako Estatuak portuan zuen eskumen publikoko jabetzatik atera, eta PPAren ondasun izatera pasa zen. Ordutik, 4.422 metro koadroko lurra Lezori emateko negoziazioetan murgilduta egon da udala, eta gobernuak adierazi du berehala egia bihurtuko dela hori.
Asebete agertu da alkatea: “Oso pozik gaude Arraitokiren doako kontzesioa lortuko dugulako, urte asko daramatzagu akordio hau lortzeko lanean. Ordu asko igaro ditugu erakunderekin hitz egiten akordio handi hau lortu arte. Erakundeetako teknikari eta arduradunen ahalegin guztiek merezi izan dute. Albiste bikaina da, eta oso pozik gaude”.
Martiarenak herriko sarreran dagoen partzelari, gaur egun behin-behineko aparkaleku gisa erabiltzen denari, erabilera anitzagoa emateko gogoa adierazi du. Hori lagapena sinatzean gertatuko dela aurreratu du, “lursaila kokapen ezin hobean baitago”.