Datorren astean hasiko dituzte irakurketa errazeko saioak
Lau Haizetara elkarteak jakinarazi du hilaren 16an egingo dutela lehen saioa. Joxan Apaolaza errenteriarrak gidatuko ditu saio guztiak, bera arduratuko da, gidari lanez gain, ondorengo solasaldiaz.
Lau Haizetara Elkarteak irakurketa errazeko saioak antolatu ditu beste urte batez. Datorren ostiralean (hilak 16) egingo dute lehen saioa, eta hilean behin biltzeko asmoa dutela zehaztu dute elkartekoek.
Lehen saio honetan Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean liburua irakurriko dute. Joxan Apaolaza errenteriarrak gidatuko ditu saio guztiak, bera arduratuko da, gidari lanez gain, ondorengo solasaldiaz. “Liburuak bereziak dira, erraz irakurtzekoak. Euskaltegietatik eta mintzalagunetik pasa direnek beste urrats bat emateko aukera ematen dute saioek, lagungarria da oso. Helburua da jendeak euskaraz irakurtzeko gaitasuna garatzea, ahoz bezalaxe, egunerokoan edozein gauza irakurtzeko gai izan daitezen”, esan du Xixilio Maritxalarrek.
Apaolazak azaldu du taldean irakurriko dituztela liburuak, partaide guztiek zatitxo bat irakurriko dute. Lotsak eta beldurrak alde batera uzteko deia egin diete partaideei. “Ez dago eperik liburua irakurtzeko, ez dago inolako presiorik. Giro lagunkoi batean egingo dugu”.
Bide batez, Lau Haizetararen egitasmoetan parte hartzera deitu ditu errenteriarrak Maritxalarrek: “Euskara ikastea erabaki zuten horien ibilbidean behartuta gaude gure hondar aletxoa jartzera. Gure ateak zabalik daude, entzuteko prest gaude”.