Txartelak eskuratzeko gutunak jaso dituzte trintxerpetarrek
1.770 bizilagunek jaso ahal izango dituzte Zirizako aparkaleku berrirako txartelak. Abenduaren 14tik aurrera HAZ bulegoan jaso ditzakete.
Pasaiako Udalak azaroan iragarri bezala, Trintxerpeko 1.770 bizilagunek jaso dituzte Zirizako aparkaleku berriko txartelak jasotzeko gutunak. Abenduaren 14tik aurrera HAZen jaso ahal izango dituzte. Txartelaren bidez sarbide esklusiboa izango dute bizilagunek.
Ibilgailuak identifikatzeko haizetakoaren -aurrealdeko kristalaren- beheko aldeetako batean itsatsi beharko dituzte eta horren bidez ziurtatuko dute gauez, 19:00etatik 08:00etara, eta asteburu edo jaiegunetan, bertakoek soilik aparkatu ahal izatea.
Gutuna jaso ez dutenek, baina baldintza guztiak betetzen dituztela uste dutenek, abenduaren 14tik aurrera HAZera joan dezakete baldintzak egiaztatzera. Honakoa bete beharko dute: erroldatuta egotea, ibilgailua Trintxerpen helbideratuta izatea, tokiko zerga-betebeharrak egunean izatea, ibilgailuaren dokumentazioa indarrean egotea -IAT eta nahitaezko asegurua-. Bestalde, enpresen edo erakundeen jabetzako ibilgailuak dituztenek ibilgailuaren ohiko gidariak direla egiaztatu beharko dute.
Azkenik, Izaskun Gomez alkateak jakinarazi du Zirizako aparkaleku berriko obrak “erritmo onean” doazela.