"Gustuko dut geratu den taldea; final polita izango dela uste dut"
Iruñean jokatuko den Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko finalean izango da, lehen aldiz, oiartzuarra. Nola, gainera: hiru saioak irabazita eta puntu gehien pilatuta. Txapelketari errepasoa eman dio.
Zein sentsazio dituzu finalera iritsita?
Pozez iristen naiz. Oraingo ametsa baino, umetakoa da. 1999an bertso eskolan hasi nintzenean, edo 2001eko Belodromoko final hartan egon nintzenetik, bazen atzeko geruza batean zegoen amets bat. Orain, zurrunbiloaren barruan egonda, continuum bat da niretzat. Saiatzen ari naiz asko ez pentsatzen.
Pozari leku handiegia egin diot, baina ez dut pozean geratu nahi, ez baitut uste pozean geratzeko momentua denik. Lanean jarraitzeko aprobetxatzen ari naiz. Finala ahalik eta gehien bizi eta gozatzea nahi nuke.
Finalerdietako itzuliko saiotik finalera hilabete inguruko epea izango duzu. Abantaila al da?
Zaila da asmatzen. Nire bidea ere, kasualki, astebete lehenago hasi nuen. Pentsa liteke batzuetan desegonkortzeko arrazoi bat izan daitekeela, baina agian beldur gutxiagorekin harrapatzen zaitu, edo momentuan erantzun beharrarekin, eta mesede egiten dizu. Zaila da neurtzen momentu horietan zer den mesedegarri eta zer kaltegarri.
Amurrion azaroaren 19an kantatu nuen, eta aukera asko nituela ikusita, nire buruari zilegitasun pixka bat eman nion, atsedena hartzeko. Gero konturatu nintzen atseden beharra zela nuena. Eskertzen dut denbora hau izatea. Txapelketa bizipen oso intentsoa da, murgiltzea eskatzen dizuna, eta aldi berean, zure buruaren alde edo kontrako borroka horretan, gorabeherak dauzkazu.
2017an finalerdietan 14. izan zinen. Orain, lehenengoa. Nola aldatu da ordutik Alaia bertsolaria?
Hau hirugarren Euskal Herrikoa da niretzat. 2013koan, esperantza handiegirik gabe hasi nintzen, horren parte izateko gogoarekin, finaletik nahiko gertu geratu nintzen. 2017an espero nuen aurrekoaren parera iristea. Fase berera iritsi nintzen, baina ez nahiko nukeen mailan.
«Etengabe egon naiz hobetzeko tartea bilatzen nire burua zigortu gabe»
Saiatzen gara gaizki edo ongi atera diren gauzak esplikatzen, baina ez genuke asmatuko. Finalerdietan asko sufritu izanaren oroitzapena dut, tentsioak gaina hartu zidalako, edo nire buruari ez niolako baimentzen hanka sartzea.
Perfekzionista izan zinen, alegia.
Ez dut uste bizitzan hala izan naizenik. Gozatzeari tarte handia utzi diot beti, baina asko estutu nuen nire burua, eta bai ala bai finalera pasatzeko, edo maila bat berresteko beharra sentitu nuen, ez dakit zeinengatik eta ez dakit zergatik. Ez nuen asmatu plazan egiten ari nintzena erakusten.
Ordutik gauza asko pasatu dira: Gipuzkoakoa [hirugarren izan zen], pandemia… Bizitza eraldatzen da, baita bertsoa bera enfokatzeko era ere. Ez dakit lan gehiago egin dudan, baina bai desberdin egin dudala. Saiatu naiz denbora fisikoa eskaintzen, ez agian esklusiboki bertsoari, baina bai txapelketaren olatuaren barruan landu nahi nituen gauzak landuta izateko bizimodu bat izateari.
Nire burua ere zaintzen saiatu naiz, bizimodu erritmoa lasaixeagoa izaten: irakurtzeko, pentsatzeko, zaintzara bideratzeko… Oreka bat bai bilatu dut, eta batez ere, asko gozatu dut eguneroko lan horretan. Hiru saioetan ere gozatu egin dut, nahiz tentsioan eta lanean egon. Gorputzaldi horrek lagundu dit.
Getxoko saioko agurrean egin zenuena intentzio adierazpen antzeko bat. Su txikian egositako lana izan al da?
Txapelketa prestatzen dugunok, orokorrean, su txikian egiten dugu. Prestatzen gaituena dira bertso-eskolak, edo bakoitzak koadernoan egiten dituen gogoetak, edo errima-zerrendak, irakurtzen dituen liburuak, filmak… Horrela ibiltzen gara, aktibo eta gure baitan konexioak bilatzen, gauzak esateko hitz berriak bilatzen, edo giroak… Mundua irakurtzen saiatzen gara, gero gure modura erreproduzitzeko baliabideak bilatzen.
Kantatzen dugunean, garen guztiak laguntzen gaitu kantatzen. Edo traba egiten, batzuetan. Lanari balioa emateko intentzio deklarazio bat bazen Getxokoa. Bestetik ere, bazen modu bat esateko bertso bakoitzaren bukaerak ez duela espektakulu bat izan behar; ofizio baten norabidea, tonua, bertsokide bati hitz egiteko moduak, edo ez esateko modua… Hori guztia da. Azpilan horri balioa eman nahi nion.
Txapelketak iraun duen bitartean, beste bertso saio batzuetan izan zara, zeharo ezberdinak. Nola aldatzen da txip hori?
Nire izaeraren alderdi bat bada ezagutu, ikusi, bidaiatu, abesti berriak ezagutu, doinu berriak ikasi… Bertsoak ematen du aukera normalean astebururo herri ezberdin batean kantatzeko, eta testuinguru ezberdin batean. Saio tematikoak izan daitezke, literarioak, libreak, jaialdiak, kalejirak, ikastetxeetan saioak…
Saio bakoitza kode ezberdinetan egitera oso ohituta gaude. Bertsoaz asko gustatzen zaidan zerbait da: profil ezberdineko jendea ezagutzen duzu, jendea, giroa… luxu handia da. Aldaketa horiek laguntzen gaituzte malgu izaten.
Txapelketa garaian kostatzen da klak hori egiten. Askoz analitikoago gaude bertso edota errima bakoitzeko, puntu bakoitzeko pertinentzia hori aztertzen, eta plazak berak eskatzen dizu askoz erreflexu zuzenagoak eta gordinagoak izatea, irakurri, begiratu, barrura baino erabat kanpora begira egotea. Plazako jardunak txapelketakoari mesede egiten dio, erregulatu egiten duelako, eta akartonatzen garen momentu horietan, bertsoaz gustatu eta aberasten gaituena ekartzen digulako libreago sentitzeak.
Hirugarren saioa irabazi ondoren, esan zenuen oraindik bazenuela zertan hobetu. Non ibili zara herrenka?
Beti dago zertan hobetu, baita bizitzan ere. Bertsotan, inprobisatzen ari garenean, kantatzera zoazen bertso hori kantatzen hasteko ilusioz egiten duzu, uste duzulako ideia ona izan duzula, edo oin egokiak etorri zaizkizulako, edo erantzun ona delako elkarrizketa eraikitzen jarraitzeko.
Beste batzuetan kantatzen duzu bost segundo horietan sortu ahal izan duzuna, edo erabat konbentzitu ez zaituen ideia bat. Zalantza horrekin geratzen zara: gai honi nola hel niezaiokeen benetan beste zerbait eraikitzeko, edo biribilago janzteko?
Orokorrean, hiru saioetan gustura geratu naiz. Ez erabat pozik, hori sekula, baina gorputzaldi ona daukat, gai bakoitza ongi kokatu izanaren sentsazioarekin. Bakarkakoetan gustura aritu naiz, baina sentsazioa daukat hobe egin ditzakedala gauzak.
2017ko perfekzionismoa bueltan?
Ez dut nire burua zigortzen. Ofizio batean, adibidez, bi ideia oso garbi nituen, eta hirugarrenean agian oso errepikakor geratzen zen esateko neukana, eta horrek bide ematen dizu, etxerakoan, bilatzeko gai horren beste ertz bat izan zitekeena, edo nola jantzi zerbait ez duzunean zerbait dirdiratsu ikusten. Alegia, zure burua motibatzen duzula.
«Saiatu naiz nire burua zaintzen, nire bizitza erritmoa lasaixeagoa izaten»
Bilaketa etengabea da, eta ez zait gogoa bukatzen. Saiotik saiora areagotu egin da, baita doinuekin ere. Ez dut hainbeste aldatu bakarkakoetan, egitura antzekoak erabili ditut, baina tartean bai ibili naizela neurri ezberdinak probatzen, edo saio bakoitzean —tentsioaren arabera— agian zer komeni zen aztertzen. Etengabe egon naiz hobetzeko tartea bilatzen, nire burua zigortu gabe. Ongi egin dudanean, hori zergatik ongi egin dudan elikatu, eta zalantza egin dudanean, beste buelta bat eman.
Bertso baten bat bota, eta oin-puntetan ibiliko bazina bezala geratu zara?
Bertso zehatzekin baino, sentsazioekin geratzen naiz. Izan dira gustura kantatu ditudan bertsoak, abesten hasi baino lehen, ideia ona zela edo esan nahiko zenukeena bezala zirelako. Bertsoekin baino, ariketekin edo ofizioekin geratu naiz, ongi bisualizatu dudalako ofizioaren gaia, edo ertzak bilatu dizkiodalako, edo ongi zetozen oinak lortu ditudalako.
Getxon hamarreko txikiko eta zortziko handiko gaia entzun, eta bidea ikusi nuen. Elizondon, agian, zortziko txikian Joanes Illarregirekin gertatu zen hori. Seiko txikian, bertsoa janzteak baino, bidea argi ikusteak poztu ninduen, Iruzurgilearen Sindromeari buruz kantatzeko aukera izan nuela iruditu baitzitzaidan, eta gaiak eman zezakeela horretarako.
Amurrioko kasuan, gaiekin gustura sentitu nintzen, eta ganbarakoan Zerbait erantzutera ausartu zara zen gaia. Hamar minutu izan bagenitu gaia pentsatzeko, seguru aski ez nuen haurra edoskitzearen gaia aterako, baina egoera oso garbi etorri zitzaidan. Oso erreala da. Gero hor matizatzeko nahia dago: edoskitzearen aldeko manifestua baino, niretzako zen emakume bakoitzak sudur-puntan jartzen zaiona egiteko eskubidea aldarrikatzea, inork esku-hartu gabe.
Gai horretan bide zuzen bat ikusi nuen, eta uste dut hori eskertzen dela. Bestela, bidearen bila ibiltzean zalantza asko edukitzen dira. Kontrara, bide bat erdiz erdi etortzen zaizunean, zeharkatzen zaituena, mimo guztia jartzen duzu bertsoaren osaeran, eta hori da niretzako gozamena.
57 urte dira finalera ez dela oiartzuarrik iristen. Herri nahiko bertsozalea izan arren, hutsune hori egon da.
Lau urtean behin jokatzen da txapelketa, eta zortzi toki besterik ez daude. Ez zait hain harrigarria iruditzen urte batzuetan oiartzuarrik ez izatea. Bertsolari on mordoa dago Euskal Herrian. Bestalde, belaunaldi bat oso-oso luze egon da honetan, eta aldaketa gutxi izan dira finaletan.
Belaunaldi aldaketarena aipatu duzu. Hiru aurpegi berri izango zarete.
Aspaldi da hiru aurpegi berri ez zeudela finalean. Bertsogintzarentzat oso ona da hori. Ni ez naiz hain gaztea, baina uste dut belaunaldi gaztexeagoak paper ona jokatu duela txapelketa osoan. Gehiago izan zitezkeela uste dut. Belaunaldi berriak frogatu du erreleboa badatorrela, kalitatezkoa eta dirdiraz betea.
Baina generoan ere bai: lehen aldiz, emakume bat baino gehiago egongo da, hiru. Hormak pitzatu al dituzue?
Gauzak aldatzen ari dira, zorionez. Ez abiadura handian, hori egia da. 2017eko finalaren argazkia zoragarria izan arren, ez zen plazaren kopia bat, plazan aldaketa gertatua baitzen parekidetasunerantz. Aurten gertuago egongo da konfigurazio errealetik, nahiz eta gauza asko hobetu genitzakeen eta argazki hori iragazki gehiagorekin erakuts genezakeen.
«Plaza [genero aldetik] gertuago egongo da konfigurazio errealetik»
Gaietan zein bertsolariak entzuteko moduan zerbait, pixka bat, aldatzen ari da dena. Beste kode batzuk onartzen ari dira oraindik ez zaizkigunak hain identifikagarri, hain txalogarri, edo hain sarigarri iruditzen ahal. Baina uste dut humus bat hor badagoela, pixkanaka antzematen ari dena, eta plazan antzematen joango dena. Txapelketa makinaria handi bat da, eta beste erritmo bat daukat, eta beste ezaugarri batzuk dauzka.
Hiru gaude, baina izan zitezkeen emakume gehiago: Miren Artetxe bere injenioarekin; Miren Amurizaren nortasun hori; Oihana Iguaranen indar hori; Jone Uria; Saioa Alkaiza… Profil asko egon zitezkeen. Milioi bat gauza gerta zitezkeen, gertatu ez direnak. Adibidez, Nerearekin [Ibarzabal] finala partekatzea gozamena izango da, eta asko pozten naiz. Berak errepresentatzen duenagatik, eta egiteko gai denagatik. Gustuko dut geratu den taldea, eta uste dut final polita izango dela.
Pauso bat eman da. Argazkia aldatzeak suposatzen du bideoa aldatzen dela. Argazkia eguneratu egin da.