[Erreportajea] Herriko euskara erabileraren azken datuak, «gazi-gozoak»
Kale erabilera datuek behera egin dute 2016tik, hamar herritarretatik batek egiten du euskaraz egun. Datuekiko kezka agertu du udalak, baina ondorio positiboak ere atera dituzte.
Euskarak Errenteria-Oreretan duen presentzia neurtu du beste behin Soziolinguistika Klusterrak, hirugarren kale neurketa egin berri dute. Datuak ez dira onenak, baina irakurketa baikorra ere egin daitekeela dio udalak. 2011tik [orduan egin zuten lehen neurketa herrian] erabilerak izan duen bilakaera aztertu eta azken datuen gaineko balorazioa egin dio Hitza-ri Joxe Mari Jauregi Udal Hizkuntza Politika Departamentuko koordinatzaileak.
Hamar errenteriarretik batek euskaraz egiten du kalean. Hori da neurketatik atera daitekeen lehen ondorioa. Izan ere, %10,9 ingurukoa da erabilera egun. «2011n %11 ingurukoa zen, eta 2016an, berriz, %14,7koa. Orain berriro behera egin du, lehen neurketaren datu oso antzekoak ditugu esku artean». Kezka agertu du Jauregik, baina nabarmendu du «ez direla datu oso esanguratsuak», ikerketak %0,5eko errorea kalkulatzen duelako. Beraz, «oso antzeko egoeran gaudela» esan daitekeela uste du. «Ez gara jaitsiera horretara mugatu behar, faktore askok izan dutelako eragina horretan, une batean egiten den jarraipena baita, aldaera asko izan daitezke».
Ondorio kezkagarrietatik harago, irakurketa positibo ugari egin daitezkeela ere esan du Jauregik, pozik egoteko moduko datuak badaudelako haren ustez. «20 urtetik gorakoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Hori oso positiboa da. Eta guraso eta haurrak batera daudenean ere asko entzuten da, hor dago arnasgunerik handiena». Horri lotuta, erantsi du Beraunen ere gora egin duela erabilerak: «Horrek asko pozten gaitu».
Arnasgune berrien bila
Sentsazioa «gazi-gozoa» dela aitortu du, eta datuak ongi aztertu eta zein bide hartu behar duten aztertuko dute udalak eta herriko euskaltzaleek orain. Inertzien kontra borrokatu beharra dagoela uste du teknikariak, «oso gogorrak» baitira egun. «Arnasgune funtzionalak sortu behar ditugu, goxo eta egoki egiteko euskaraz. Euskara balore positiboekin identifikatu behar dugu. Euskarak izan behar du berdintasunaren hizkuntza, justiziarena, feminismoarena, horrekin guztiarekin lotu behar da, erakargarriago egiteko. Hori da bidea».
