[Erreportajea] Munduko gazta onenak, etxetik oso gertu
Ohiko supermerkatuetan ezin aurki daitezkeen dozenaka gazta ditu Larraitz Gazta-Tekak. Mundu osotik heldutakoak saltzen ditu, harrera ona izan du egitasmoak: «Jendeak gauza berriak probatu nahi ditu».
Zorionekoak gazta zaleak. Produktu horretan espezializatutako Larraitz Gazta-Teka dendak sei hilabete bete ditu jada, txoko bat egin du herriko merkataritzan. Larraitz Anguitak proiektu honetan murgiltzeko apustua egin du, «gaztaren mundu erraldoi» honekin maitemindu baitzen, baita haren senideak ere. «Artisau gaztak herrira ekarri nahi izan genituen, ohiko gazta eskaintza horri alternatiba osasuntsu eta kalitatezkoa emateko»; hala hasi zirela kontatu du.
Larraitz Gazta-Tekaren aukera oso zabala da, sekula usain eta dastatu gabeko gazta mordoa ditu bertan. Bertako artisauez gain, estatu osoko eta Europako hainbat herrialdeetakoak ekarri ditu herrira. «Supermerkatu eta janari dendetan ezin aurki daitezkeen gaztak ditugu, oso bereziak».
Denda bera bezalaxe, gaztak ere mimoz aukeratzen ditu Anguitak. Etxera iritsi bezain laster egoki mantentzeko kamera handi batean egiten dute lo gaztek. Mostradore ikusgarri batek biribiltzen du denda. Bertan, Anguitaren ahotan, «azken bi urteetan munduko gaztarik onenaren saria irabazi dutenak» aurki daitezke, beste askoren artean. 40tik gorakoa da dituen gazten kopurua, gutxi gorabehera.
Ekoizleekin zuzeneko harremana du Anguitak, funtsezko lana egiten baitute haren ustez. «Artisauei eta landa eremuko baserritarrei indarra eman behar zaiela uste dut, horregatik ere egin dugu produktu hauek saltzeko apustua. Artisauei ez baitzaie merezitako balioa ematen maiz, eta niretzako gaztagileen lana oso garrantzitsua da, berezia».
Ateak zabaldu zituenetik herrikideen erantzuna oso ona izan dela aitortu du, dagoeneko ohiko bezero ugari ditu gaztaren museo honek. «Jendeak gauza berriak probatu nahi ditu, jende asko erakarri dugu, sekula dastatu gabeko gazta asko ditugulako». Gazta-sorta erakusten ari den bitartean, bezero batek, kaletik, honakoa bota dio Anguitari: «Atzoko hori oso ona, e!».
Opari aproposa
Gazta produktu nagusia bada ere, gutiziaz betetako denda du Anguitak. Olioa, eztia, marmelada, patea, pastak… Eguberrietarako hamaika aukera ematen dituela gaineratu du errenteriarrak, «saski ederrak» ditu esku artean. «Oraindik gauza gehiago ekartzeko asmoa dugu».
«Erdigunetik ere jende asko etortzen da, bereziki asteburuetan»
Elvira Sancho. Zuhaitza Berri taberna.
Urte luzez ostalaritzaren munduan aritu ondoren, 2016an erabaki genuen Beraun auzora etortzea. Ordutik Aita Donostia Kaleko 8. zenbakian taberna dugu. Joan den ekaina bukaeran, hiru hilabeteko lanen ondoren, berriro ireki genituen ateak, itxuraldaketa handia eman diogu lokalari, ukitu modernoagoa eman diogu.
Ireki genuenetik primeran funtzionatu du tabernak, ohiko bezero asko ditugu, eta uste dut txoko bat egin dugula auzoan. Edariak eta momentuan egindako pintxoak, errazioak, bokatak, entsaladak eta bestelakoak eskaintzen ditugu. Kalitatezko produktuez gain, hurbileko tratua dugu bezeroekin.
Auzoak bizitza behar du, eta beharrezkoak dira horrelako negozio txikiak. Erdigunetik ere jende asko etortzen da, bereziki asteburuetan, espresuki gure txintxortak eta txipiroiak jatera. Beraun ezagutzeak merezi du, bizi handikoa da.
«Komertzio txikiei esker herriak ezberdin arnasten du»
Iosune Areso. Bob ile-apaindegia.
Otsailean zabaldu genituen ateak, Errenteriako erdigunean 20 urteko ibilbide polit baten ondoren, lantalde zoragarri batekin.
Erronka berri bati hasiera eman diogu, eta herritarren harrera ikaragarria izan da. Hunkigarria eta polita oso. Adin guztietako jendea gerturatu da.
Lehendik ere bezero genituenak gurekin dira, ezinbestekoa izan da haien bultzada, eskertzekoa. Buru-belarri jarraituko dugu gure prestakuntzan, barneratzen ikasitako guztia. Eboluzio konstante batean, bezeroei gure bertsiorik onena eskaini nahi diegu.
Errenteria beti izan da puntako merkatari herria eta horrela jarraitu behar du. Herritarrak direnek eta ez direnek gertu sentitu behar gaituzte, horretarako lanean jarraitu behar dugu beraien beharrak asetzen. Komertzio txikiei esker herriak ezberdin arnasten du, harremanak sortzen ditu.