Iranti Alcantarilla urruñarrak irabazi du aurtengo Xenpelar Saria
Josu Ibarguren oiartzuarra izan du aurkari buruz burukoan, 15 punturengatik gailendu da urruñarra. Azken urteetako "finalik beroena" izan dela diote antolatzaileek.
Atzo izan zen XXVI. Xenpelar Sariaren final handia, hiru ordu eta erdiko saioa jokatu zuten sei bertsolarik, oso fin aritu ziren. Arkaitz Oiartzabal Xamoaren arabera, “azken urteetako finalik beroena” izan zen atzokoa, bertsolari guztiek “maila handia” erakutsi zutela dio. “Azken txanpara edozein pasa zitekeen sentsazioa zegoen. Bertsolariek kolektiboki bizitu nahi zuten finala, eta uste dut lortu zutela, ederra izan zen!”, esan du.
Irati Alcantarilla urruñarrak eskuratu du aurtengo txapela, buruz burukoan Josu Ibarguren oiartzuarra gailendu ondoren (15 punturengatik gailendu da urruñarra). Txapeldunaren sariaz gainera, bertso onenaren saria ere jaso zuen Alcantarillak, ganbarakoan botatako “bertso zoragarriarengatik”.
“Oso gustura gaude atzokoarekin, baita bertsolariak ere. Finala oso parekatua izan zen, eta jendetza gerturatu zen Niessenera”, erantsi du Xamoak.
Ekhiñe Zapiain Arlegi, Emaitz Murua Arzallus, Haizea Arana Cardenal, Irantzu Idoate Funosas, Irati Alcantarilla Urdanpileta eta Josu Ibarguren Elosegi lehiatu ziren atzoko saioan.