Wikilariak, emakumeen biografiak ahanzturatik azaleratzeko
Oiartzunen lau emakume elkartu dira, ‘Emakumeak bistaratzen, Wikipedian’ proiektuaren bueltan. 22 biografia egin dituzte, emakumeenak, beraien bizitzan zehar egindako lana ikusarazteko.
Pasa den asteartean bete ziren 21 urte euskarazko Wikipedian lehenengo artikulua publikatu zenetik. 2001. urte urrun hartatik 402.211 artikulu idatzi dira.
Erreportaje hau irakurri bitartean, ziur, kopuru hori handitzen ari dela. Wikipediako hizkuntzen rankingean 29. postuan dago euskarazkoa. Interneteko baliabidea elikatzea inurri lana da, han-hemenka ekarpenak egiten dituzten pertsonen lan boluntarioari esker.
Oiartzunen laukote bat elkartu da, emakumeen biografiak bistaratzeko asmoarekin: Izaskun Madariaga, Jaione Ugaldebere, Josune Igoa eta Ane Lardi. Madariagari interesa piztu zitzaion, sare sozialetan Marisa Barrena durangarrak egiten zuen lana ikusita. «Interesa neukan gure irakasle baten —Maria Angeles Esnaola Bidaurreta— biografia egitean. Orientabide gisa, Barrenari deitu nion, eta esan zidan beraiek ni bezala zeudela. Oiartzun urtekarirako paratu nuen artikulua, eta berak igo zuen Wikipediara».
Gerora taldekide izango zen Jaione Ugaldebereren biografia igotzeko prest zeukan, eta Barrenak —otsailean Oiartzunera gonbidatuko dute, hitzaldia eman dezan— Durangora gonbidatu zuen, berak erakutsiko ziola nola egin behar zen. Ikasi, eta Oiartzunen zein egitura eman ziezaiokeen begiratzen hasi zen.
Udalera jo zuen, Berdintasun Sailarekin harremanetan jartzera. «Proiektu interesgarria iruditu zitzaien», esan du Madariagak. Konplizeak fitxatzen hasi zen, eta Ane Lardirekin jarri zen harremanetan, baita Josune Igoarekin ere. «Hikalagun taldeetan proposatu zidan bat egitea, eta hala egin nuen», gogorarazi du Igoak. «Nahiko saltsera naiz informatika eta ordenagailu kontuetan, baina baietz esan nuenean, oso zaila iruditzen zitzaidan. Beldur pixka bat ematen zidan, baina ez da hain zaila», gaineratu du Igoak. «Guk ikasi badugu…», jarraitu du Madariagak.
Hirurek —Lardi Lekeition bizi da— Durangora jo zuten, formazioan sakontzera. «Pixkanaka hasi ginen, eta zalantzak dauzkagunean, elkarri deitzen diogu. Bestela, Marisari. Berak hartzen du laguntzaile, akuilu eta behar den guztiaren lana». Lana hiru ardatzetan oinarritzen dela laburbildu du Igoak: «Emakumeak ikusarazi, gizonekiko duten arrakala txikitu, eta euskarazko Wikipediari bultzada bat ematea da helburua».
Emakume oiartzuarrak, %38
Biografietan, emakume eta gizonen arteko arrakala oso handia dela nabarmendu dute. «Emakumeen biografiak %24,53 dira. Aldea izugarria da. Oiartzunen, behintzat, %38ra igotzen da kopurua», esan du Madariagak. Igoaren esanetan, gizon askok beraien artikulua dute, merezi izateko zer egin duten zehazki jakin gabe. «Emakumeak egin eta egin, baina gero ez dute agertu nahi. Hori da eman diguten heziketa».
Biografiagarriak diren emakumeen zerrenda «luzea» daukatela jakinarazi dute. Hala ere, zailena iturrien erreferentziak lortzea dela azaldu dute. Maria Josefa Sansberroren adibidea jarri du Madariagak: «Zenbait tokitara jo, eta kontraesanak aurkitzen dituzu: batzuek datu batzuk ematen dituzte, beste batzuk besteak… Joxe Mari Mitxelenak dokumentuak pasa zizkidan, eta horiek igo nituen Wikipediara, erreferentzia gisa».
Emakume oiartzuarrei deia egin diete Wikipedia elikatzera anima daitezen
Igoak zehaztu duenez, emakume baten biografia lantzen dutenean, berarekin jartzen dira harremanetan, datuak kontrastatze aldera, nahiz eta beharrezkoa ez den. «Etikoki egokia iruditzen zaigu», esan du Madariagak. Biografiatua hil bazen, senide edo gertukoekin egiten dute kontraste lana. Horrez gain, adierazi dute zaila dela wikilari bakoitzaren ideologia gordetzea, barrenak artikulu askotan testuingurua aipatzea eskatzen baitie.
Eginda dauden artikuluak ere hobetzen saiatzen dira. Horrez gain, deia egin diete emakume oiartzuarrei WikiEmakumeok-en parte den taldetxoarekin bat egin dezaten. Hileko hirugarren astelehenean elkartuko dira, KZgunean; gunea goizez zabalik bada, arratsaldez (17:00); alderantziz bada, goizez (10:30). Hala ere, ekarpena bakoitzak bere txokotik malgutasun osoz egiteko aukera ere badagoela gogorarazi dute, emakumeen memoria eraikitzeko.