Urdaburu elkarteak San Tomas eguna ospatuko du etzi
Txistorra pintxoak jan eta gabon kantak abesteko eguna izango da osteguna. Urte luzez monitore izandakoei ere omenaldi xumea egingo diete.
Astebete aurreratuko du Urdaburu Mendizale elkarteak aurtengo San Tomas eguna, ostegunean (hilak 15) ospatuko baitute. Elkartean bilduko dira, txistorra pintxoak dastatu, gabon abestiak kantatu eta Gabonetako saskia zozketatzeko. Herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte, “ahal dela baserritarrez jantzita”.
Ospakizunez harago, “aintzatespen xumea” egingo diote Tomas Perezi, Jexux Lertxundiri, Manolo Hernandezi eta Jose Luis eta Ander Karrera monitoreei, urte luzez lan egin ondoren, atsedena hartzea erabaki baitute.