1.023 orrialdeko txosten bat aurkeztu diote udalari, "Orereta-Errenteria izen bikoitza onar dezan". Luis Elberdin, Iago Irixoa eta Peio Joseba Monteanok abiatu dute egitasmoa, urte luzeko ikerketen ondoren.

Orereta-Errenteria izen bikoitza onartzeko eskaera bat aurkeztu du herritar talde batek. Talde honen buru dira Iago Irixoa historialaria, Luis Elberdin Bilbao sexologo eta idazlea eta Peio Joseba Monteano historialaria. Herritarrekin solasaldia egin zuen hirukoteak atzo Xenpelar Etxean. 1.023 orrialdeko liburuxka bat aurkeztu zuten, udalari jada aurkeztu diotena. Atzoko saioak jakin-mina piztu zuen, dozenaka herritarrek lepo beteta utzi baitzuten aretoa. Luze aritu ziren, herriaren historiaz, oroimenaz eta nortasunaz.
Aurreko mendearen hasieran, “Eusko Pizkundearen barruan”, jatorrizko toponimia euskalduna berreskuratzen hasi zela azaldu zuen atzoko saioan Irixoak, Orereta izen euskaldunak herritar gutuna eskuratu zuen eta kontzeptua erabiltzen hasi zirela esan zuen. 1936ko kolpe militarrak ordea, eten egin zuen prozesu hori. Halere, 1975tik “balioa handitu” eta euskal toponimiaren berreskuratzeari ekin zioten herritarrek, baita Oreretakoek.
Ordutik, Euskal Herriko udal askok ofizialdu dute beren izen bikoitza, jatorrizko izen euskalduna eta erromantze izena elkartuta. Guztira, 125 dira izen bikoitza ofizialki duten Hego Euskal Herriko udalerriak.
Azken hamarkadetan Orereta izenaren “sozializazio gero eta handiagoaren aurrean”, Miguel Buen alkate ohiak honako oharra banatu zuen 1992an, hitzez hitz: “Euskaltzaindia da, azken finean, Euskadiko autoritate akademiko gorena Historia eta Toponimiari buruz”. Zentzu horretan, 1.070 orrialdeko txostena eman zioten garai hartako alkateari. Honetan, Orereta euskal izenaren historikotasuna berresten duen informazio historiko guztia bildu zuten. Orereta-Errenteria izen bikoitzaren formula eskatu zioten orduko udalbatzari.
Euskaltzaindiak dokumentazio hori ontzat hartu zuen, “dokumentazio historiko zuzen eta baliotsua” baita erakundearen ustez. “Beldurrik gabe esan daiteke Orereta izen historikoa dela, Gasteizen kasuan gertatzen den bezala, edota gehiago oraindik”, esan zuen orduko Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kide Alfonso Irigoienek. “Ez da ahaztu behar gerra aurrean izen hori (Orereta) hainbat erabili izan zela. Argi dago Orereta izena baino geroago nagusitu zela Errenteria”.
1994ko apirilean Irigoienek egindako diktamen hori onartu zuen Onomastika Batzordeak, oniritzia eman zuen.
“Funtsezko aldaketa kualitatiboa”
1998an udalak Renteria izena aldatu zuen eta Errenteria jarri zion, baina gogorarazi dute uko egin ziola izen bikoitza onartzeari. Ordutik, eskatutako izendapen bikoitz hori errazten duten adierazpen berriak eta lege berriak ere sortu direla erantsi zuten atzokoan. Hala, besteak beste, 2003an argitaratutako legearen arabera, udalbatzako kideen “gehiengo kualifikatua” eskatu behar zen udalerriaren izena aldatzeko, baina aurrerantzean “korporazioetako kideen legezko kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa” eskatuko da. Hala, ez da beharrezkoa 21 zinegotzietatik 14k babestea gutxienez, 11 zinegotzirekin nahikoa baita. “Horrek egoeraren funtsezko aldaketa kualitatiboa” ekarriko duela gaineratu zuen Elberdinek.
Hortaz, egoera orain “guztiz kontrakoa” dela esan zuten atzo. “Euskaltzaindiaren aldeko diktamena dugu. Eta nahikoa da 11 zinegotziren adostasuna Orereta-Errenteria izen bikoitza onartzeko”.