Bi gazte atxilotu dituzte Antxoko lokal batean lapurtzeagatik
26 eta 30 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak Pasai Antxon, bertako establezimendu bateko kutxa erregistratzailea lapurtzea leporatuta.
Atzo goizaldean, Pasai Antxon patruilatzen ari ziren ertzainek bi gazte ikusi zituzten kalean, lurrean “objektu bat manipulatzen”. Objektu hori kutxa erregistratzaile bat zen, eta gero egindako ikerketen bitartez jakin zuten inguruko establezimendu batetik lapurtu zutela.
Antzemandako gazteek 26 eta 30 urte dituzte, eta mota bereko delituengatiko polizia aurrekariak dituzte. Ertzaintzak adierazi duenaren arabera, bi gizonezkoek Antxoko establezimendu bateko atea hautsi zuten, barrura sartu eta bertakoak lapurtzeko. Agente jarduleek lokala miatu eta inguruan bertatik eramandako objektuak aurkitu zituzten.
Hori horrela, bi gizonezkoak indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituen Ertzaintzak. Atxilotuak polizia egoitzara eraman eta eginbideak hasi zituzten, gero Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan uzteko.