"Janaria ez da botatzen"
Janariaren xahuketaren berri eman, eta horrekin bukatzeko kanpainarekin bat egin du Lezoko Udalak. Herritarren artean kontzientzia sortzea dute asmo.
Eusko Jaurlaritzak eta Elika Plataformak sustatutako Janaria ez da botatzen kanpainarekin bat egin du Lezoko Udalak. Elikagaien xahuketaren kontrako kanpaina da, eta abenduaren 22ra arteko epean izango da aktibo. Herritarrei zuzendutako mezua argia da, hau da, soberan edo erabili ez diren elikagaiak beste era batera aprobetxa daitezkeela adierazi nahi dute kanpainaren bitartez. Hori nola egin azaltzeko, hainbat euskarri eta baliabide daude Elikaren webgunean, goi mailako sukaldarien aholku eta guzti. “Udalak kanopaina honekin eta bere helburuekin bat egiten du. Janari asko bota eta alferrik galtzen dugula argi dago, batez ere Gabonetan”, adierazi du Jesus Mari Mariarena alkateak.
Kanpaina ez da ausazkoa. Janariaren xahuketaren dimentsioa aztertzeko azterketa egin zuten Jaularitzak eta Elikak. Horrekin diagnostikoa osatu, eta jendartera zabaldu zuten uztailean. Horren arabera, batez ere etxeetan izaten da janariaren xahuketa. Hala, hainbat udal kanpainarekin bat egiten ari dira, eta horrez gain, orotariko informazio euskarriak zabaltzen ari dira herritarren artean kontzientzia sortzeko.
Ingurumen zinegotzi Joxean Sanchezen arabera, udalak elikagaiak alferrik galtzearen gaian udalak zati aktibo izan nahi du: “Bizilagunei kontzientziazio ekintzen berri eman nahi diegu, janaria galtzea lehen mailako arazo soziala, ingurumenekoa eta ekonomikoa delako. Herritarren inplikazioarekin bakarrik gaindi daiteke hori”.