Txerrimuñok 39 urteak handian ospatuko ditu
Ostiralerako eta larunbaterako hainbat jarduera antolatu dituzte Zubitxo kaleko 13. zenbakiko baserrian.
39 urte bete ditu aurten Txerrimuño baserriak okupaziotik, autogestiotik eta askatasunetik lanean. Horrek ospakizuna merezi duela erabaki dute bertako arduradunek. Beraz, hainbat jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako. 1983an hasi zuen bidea egitasmoak, beti ere gune aske izaerarekin, bide horretatik herriari ekarpena egiteko asmoz.
Bihar (ostirala) eta etzi izango dira ekitaldi gehienak. Hala, biharkoak 20:00etan hasiko dituzte preso eta iheslarien aldeko karteladarakin bat eginez. 20:30ean, En transito, perdonen las molestias antzezlana ikusteko aukera izanen da Zubitxo kaleko 13. zenbakiko baserrian, Araitz Bizkai eta Esther Carrizo aktoreen eskutik. Ondoren pintxo-pote autogestionatuari ekingo diote.
Etzi (larunbata) gehiago. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute, babarrun jatea izango da, «sakramentu guztiekin» iragarri dutenez. Sabela beteta, 19:30ean kontzertuen txanda iritsiko da Hostoak eta Sega Sound Killlers taldeekin. 22:30ean, XJX taldeak berriz ere oholtzak zapalduko ditu, nongoa eta Txerrimuñokoa: «20 urte eta gero, kontzertu bakarra izango da». Horren ondoren, Denetarik Kaña «zarata jartzailearen» txanda iritsiko da.
Hilaren 23rako bertso saio musikatua iragarri dute (22:00), eta bestalde, baserriaren ganbaran Antropozenoa erakusketa bisita daiteke hilaren 25era arte, 19:00-21:00 ordutegiarekin.