Zuntz optikoa pasaitar guztien eskura dago jada
Donibane eta San Pedroko hirigune historikoak sarean sartzearekin batera, zuntzaren instalazio lanak bukatutzat eman ditu alkateak.
Bukatu dira Pasaian zuntz optikoa zabaltzeko lanak. Donibane eta San Pedroko hirigune historikoak sarean sartzea izan da azken pausoa, eta hori eginda bukatutzat eman dituzte pasaitar guztien etxeetara zuntza helarazteko lanak.
Sareari atxikitzen azkenak Donibaneko goiko aldean Bordalaborda, San Roke eta Lourdes Txiki kaleak izan dira. Inguruan bizi diren pasaitarrek konpainia operadoreen deia jasoko dute datorren urtearen hasieran, eta zerbitzu horretara konektatzeko aukera eskainiko diete. Sarearen hedapena Telefonicak egin du, baina kontratazioa edozein operadorerekin egin ahal izango da, Movistarrek zuntz optikoaren erabilera gainerako operadoreei lagatzeko betebeharra baitu.
Alkatea asebete agertu da prozesuaren itxierarekin, “zailtasun bereziak” izan baitituzte, bereziki, herrigune historikoetara eta goialdeetara sarea hedatzeko, eta etxebizitzen zenbait araudi aldatu behar izan direlako. “Helburua bete dugu: pasaitarrek zuntz optikoaren bidez Internetera jo ahal izatea, barruti guztietan eta edozein auzotatik”, mintzatu da.
Udalburuak adierazi du, halaber, San Pedron “aldi baterako gorabehera bat” gertatu dela, Esnabide kalean egiten ari diren obretan kable bat kaltetu delako; “konponketa lanak egiten ari dira”, azaldu du, “inguru horretan zerbitzua ahalik eta azkarren berrezartzeko”.