[Argazki galeria] Beraungo anbulatorioan murrizketak izan direla manifestatu dute
Egokitzapenak izan direla eta ez murrizketak Beraungo anbulatorioan hartutako neurriak esan zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta antolatzaileek ez dute bat egin adierazpen horiekin. Osasun politikak salatzeko irten dira oreretarrak.
Beraungo anbulatorioan eta osasun sistema publikoan egin diren murrizketen aurka protesta egiteko manifestazioa egin dute gaur Beraungo anbulatoriotik hasita. Beraun, Kaputxinoak, Galtzaraborda eta Igantziko auzo elkarteek eta Duintasunak deitu dute, eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Osakidetzako langileen batzordeak bat egin dute. Era berean, Aizpea Otaegi alkatea ere izan da bertan.
Alkateak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak bilera bat izan zuten, eta hartutako neurriak ez direla murrizketak baizik eta egokitzapenak azaldu zion sailburuak udal agintariari. Alta, antolatzaileek ez dute bat egiten adierazpen horiekin, eta egungo egoeraren gaineko datuak eman dituzte: “Mediku arreta hilabetean 69 ordu gutxiagokoa izatea ez da murrizketa. Hiru mediku erretiratzea eta ordezkorik jartzea ez da murrizketa”.
Erretiroen ondoren libre geratu diren plaza horiek Osakidetzaren eskaintzaren barruan daudela azaldu zuen Sagarduik. Baina gaurko mobilizazioa deitu dutenen ustez, plaza horiek betetzeko asmorik wz da, eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute beste behin.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua ordezkari politikoei zuzendu zaie osasun publikoaren eta Osakidetzan dagoen egungo arazoaren arduradun gisa: “Osasun publikoan eta Osakidetzan bizi den egoera larria, zalantzarik gabe, gure agintarien murrizketa politiken ondorio zuzenak dira. Lanpostuak suntsitzea, gero eta urriagoak diren langileak, behin- behinekotasuna areagotzea, zerbitzuak pribatizatzea, bajak ez ordeztea, lanpostu hutsak ez betetzea, aldi baterako kontratazioak iruzurrez egitea, lan kargak areagotzea”.
Lehen arreta zerbutzua, mugimenduak aurreikusi zuen egoerara iritsi dela deitoratu dute, eta horrek profesionalen lan baldintzetan ez ezik, erabiltzaile eta pazienteei eskaintzen zaien arretaren kalitatean baduela eragina ziurtatu dute.
Datorren mugimenduak
Ez dutela babes falta esan dute antolatzaileek, Tolosan eta Zumarragan ere momentu berean herriko plataformek bultzatuta osasun publikoa defendatzeko irten direlako. Etzi (abenduak 19) EAEko 60 herri eta hiru hiriburuetan murrizketen aurkako mobilizazioak iragarri dituela Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak oroitarazi dute.
Gaur Beraunen egindako manifestazioak eragina izango duela berretsi du Duintasunak. Abenduaren 22an, 11:00etan, ospitale guztietan elkarretaratzeak egingo dituzte lehen arretaren egoera salatzeko; anbulatorioetan egun berean aterako dira ere baina 13:00etan. Elkarrekin lan egitean dagoela gakoa adierazi du herritar plataformak.