[Elkarrizketa] "Ogibidea ez izan arren, marraztea nire pasioa izan da txikitatik"
Hezitzailea bada ere, arkatza astintzeko tartea hartzea maite du ilustratzaile lezoarrak. OARSO BIDASOKO HITZAren 2023ko egutegiko irudia egin du, «ilusioz, gogoz eta mimoz».
Ezagutzen ez zaituztenentzat. Nor eta nolakoa da Edurne Salaberria?
Lezokoa baino, Gaintxurizketako neska bat naiz, lasaia eta alaia. Txikitatik marrazten dut. Zorionez, etxetik asko bultzatu didate horretan aritzera. Bost urterekin lehenengoz tailer batean parte hartu nuen, Irunen, eta Oiartzunen ere asko egin nituen, Arte Ederrak ikasi arte. Etxean ikusi zuten nire pasioa zela, eta zorionez asko lagundu zidaten. Konturatu gabe mundu honetan sartu nintzen, organikoki. Nahi nuen hori ikasi nuen.
Ilustratzailea, sortzailea, artista… Nola definituko zinateke?
Egun, hezitzailea naiz. Ez nuke esango oraintxe bertan artista naizenik, ez baita nire ogibidea. Ez naiz honetaz bizi, gehiago zentratuta nago nire ogibidean. Baina eskaera ugari jasotzen ditut eta lan puntualak egiten ditut, gustu handiz gainera. Beti dago lanak egitera bultzatzen nauen zerbait. Nire ogibidea ez izan arren, marraztea nire pasioa da, txiki-txikitatik.
Zein motako lanak egiten dituzu bereziki?
Gehienbat haurrei begirako lanak egiten ditut, eskaerak halakoak izaten dira. Heziketara bideratutako lan asko egiten ditut, bereziki nire eskolan. Baina helduentzako lanak egitea ere gustuko dut. Orain, lanarekin batera ikasketak uztartzen ari naiz, eta ez dut gustatuko litzaidakeen denbora guztia honetara inbertitzeko. Lanak ongi egitea gustuko dut, mimoz, eta horretarako denbora hartzea atsegin dut.
Ez da erraza sortzaile izatea, eta are gutxiago honetatik bizitzea.
Mundu prekarioa da hau. Zorionez, badira euren bidea egiteko gai izan direnak, batzuek lortzen dute. Baina oso seguru izan behar duzu honetatik bizi nahi duzula, apustu handia egin behar da. Asko betetzen nauen mundua da, baina zaila ikusten dut honetatik bizitzea. Mundu oso gorabeheratsua dela uste dut. Eta nik hezkuntzaren aldeko apustua egin nuen, hemen ere, azken batean, sorkuntza lantzen delako, eta asko betetzen didalako.
HITZAren proposamena nola jaso duzu?
Oso pozik jaso dut gonbidapena, ilusio handiz. Aurretik ere hedabidearekin lanean ibilitakoa naiz, hainbat ilustrazio egin ditut, oso gustura egin nituen. Ez nuen zalantzarik izan deia jaso nuenean. Hedabidea jaio zenetik jarraitu dut, eta ilusioa egin zidan nolabait egitasmoaren parte izatea. Gainera, ederra da, Oarsoaldeko eta Bidasoko etxe askotan zintzilikatuko dutelako egutegia.
Zer eskatu dizu hedabideak, zein izan da gaia?
Covid-19aren ondorengo buelta hori izan zen planteatutako gaia. Itzulera hori irudikatzeko eskatu zidaten, kaleak eta plazak berreskuratzen ditugula berriro, ja besarkatzeko aukera dugula. Hitz horiek ardatz hartuta, herri bat sortu nuen lehenik, baina herri berezia. Ez dira ohiko etxeak, karratutxoak dira, herri bat irudikatzen dutenak, baina etxeak izan gabe. Kaleak ere irudikatu ditut. Nire asmoa zen kale eta plaza horiek betetzen hastea. Pertsonak sartzen hasi nintzen, baina ez zidan gehiegi konbentzitu ideiak. Proba mordoa egin nituen. Orduan, Hitza-rentzako egindako lehen lana etorri zitzaidan burura. Victor Hugoren gainekoa izan zen, akrilikoa eta argazkiak uztartu nituen orduko hartan. Ideia hori berreskuratu nuen, emaitzarekin oso pozik geratu nintzelako bere garaian. Eta horretarako, Internetetik ateratako irudiak erabili beharrean, Hitza-k berak egindako argazkiak sartzea erabaki nuen. Bilaketa zabala egin nuen horretarako, denetik bilatu dut.
Pandemia garaian begiak ikusten genituen, baina ez ahoak, eta horrelako irudiak bilatu ditut. Aurpegiko atalak hartu ditut, eta gero beraien arteko elkarrizketa moduko bat islatu nahi izan dut. Eta aukeratutako titulua egiteko Victor Hugoren esaldi batekin jokatu nahi izan dut. Lezo bisitatu zuen garaian egindako liburu batean horrelako zerbait esan zuen: «Mi presencia despertó una madriguera de fantasmas». Hori euskaratu nuen gero, nire modura, Hugoren lana omentzeko ere.
Gustura geratu zara lortutako emaitzarekin?
Bai, oso gustura. Ez da lan erraza izan, baina asko gozatu dut prozesu osoan zehar. Denbora asko inbertitu dut, eta emaitza gustatu zait. Gainera, Hitza-ren irudiak erabili ditudanez, hedabidearen eta nire arteko elkarlantxo bat ere izan dela esango nuke, nik horrela hartu dut. Ukitu berezia eman diote kazetariek ateratako argazkiek, zalantzarik gabe.