Gaur helduko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi
Aurten bai, musukorik gabe iritsiko da bikote magikoa herrira. Gaur arratsaldean jasoko dituzte haurren gutunak, herriko plazan.
Gaur arratsaldean helduko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi. Eta iaz ez bezala, normaltasun osoz jasoko dituzte haurren gutunak aurten, musukorik gabe iritsiko dira. Haien etorreraren zain izango dira herriko zientoka haur, eta eguna berotzen hasteko, haurrentzako tailerra egingo dute eguerdian (12:00etan) Reina Aretoan.
17:00etan bikoteari ongi etorria egingo diote Madalenaren ermitan. Madalena kalea, Foru plaza, Xenpelar kalea eta Xabier Olaskoaga plazatik pasako dira. 18:30ean berriz, haien magalean hartuko dituzte haurrak herriko plazan. Ondoren, gaztainerre jaia egingo dute bertan, dantzariek eta musikariek girotuta.
Lau Haizetara elkarteko Xixilio Maritxalarrek herriko guraso eta haur orori luzatu die bertaratzeko gonbita, “egun magiko honetan” baserritarrez jantzita ateratzeko deia egin du. Gaurkoa aspalditik ekitaldi erreferente bilakatu dela erantsi dute elkartekoek, 800dik gora haurren langa gainditu izan dute maiz.