Hamaiketako herrikoia antolatu dute Elizaldeko gurasoek, biharko
Eguberritako kantak abesteko egin ohi duten kalejira bukatuta, berritasuna izango da aurtengoan: hamaiketakoa egingo dute.
Elizalde Herri Eskolaren hezkuntza komunitatea osatzen duten familiek, urtero bezala, eguberritako kantak aterako dira bihar goizean. Abenduaren 24ro egiten duten moduan, baserritarrez jantziko dira.
10:30ean elkartuko dira ikastetxean, eta 11:00etan hasiko da kalejira. 12:00etan azkeneko geltokira —Done Eztebe plazara— iritsiko dira, azken kantak abesteko. Ohi den moduan, zinegotziek gozokiak botako dizkiete balkoitik.
Elizaldeko guraso elkarteak kantatzera animatu ditu Elizaldeko haur, guraso eta irakasle guztiak, baita beste herri edo eskoletan ikasi dutenei ere.
Berritasuna
Aurten berritasun batekin etorriko da gabon kanten kalejira. Bukatzen denean, hamaiketako herrikoia egingo dute. “Guraso elkartea Udalarekin harremanetan jarri zen proposamen honekin, eta antolatzea lortu dugu”, adierazi dute.
Denek parte hartzeko moduko hamaiketakoa prestatuko dutela iragarri dute. “Herri eskolako guraso elkartetik azpimarratzen dugu ez dela haien haurrentzako eta beraien familientzako bakarrik egingo den ospakizuna, eta herritar orori luzatzen diegu gonbidapena bihar 12:00etan plazan egoteko”.